Unibertsitateak berebiziko garrantzia du gizarteak jasotzen duen alfabetatze ekonomikoari dagokionean; behar-beharrezkoa da hausnarketa kritikoa sustatu dezan, bai eta bere ardatzen artean irakaskuntza, ikerketa eta erantzukizun soziala barne har ditzan ere, eredu ekonomiko hegemonikoaren alternatiba errealak baitira ekonomia bidezkoago eta solidarioago bat eraikitzeko.
Euskal unibertsitate-eragileen parte-hartzeari esker, Unibertsitatean ekonomia bidezko eta solidarioa sustatzeko gomendioen gida egin da; horretan, hainbat gomendio, kezka eta eskaera planteatu dituzte beren errealitatetik, hezkuntzak are gehiago lagun dezan gizartea eraldatzen.Ez du dokumentu itxi eta eztabaidaezin bat izan nahi, eztabaidan sakontzeko eta bildutako ekimenak garatzeko gonbidapen bat baizik.
Egungo errealitate ekonomikoaren fenomenoetako bat da ekonomiak, diziplina gisa, ez duela arazo larrienei irtenbidea emateko gaitasunik;besteak beste, pobreziari, berdintasunik ezari errentaren eta aberastasunaren banaketari dagokionez, krisialdi ziklikoei, espekulazio neurrigabeari, generoen arteko parekotasunik ezari eta ingurumenaren narriadurari.
<<Ekonomiaren irakaskuntzan gero eta monopolio handiagoa du pentsamendu bakar, aldebakarreko eta monokorde batek, zeinak botere ekonomikoa legitimatzen laguntzen duen; bada,botere ekonomikoaren babes onuragarriarekin,ekonomiak kategoria zientifikoa eman dio bere buruari, eta gainerako gizarte-zientziak baino posizio nabarmen hobean jarri da, haien guztien gainetik, eta, gero eta gehiago, kolonizatu egin ditu.>> MgEren dossierra: Ekonomiaren irakaskuntza.
Ez da harritzekoa Ekonomiako ikasleek berek ohartarazi izana gertakari hori.2014ko udaberrian manifestu bat argitaratu zen, “Irakaskuntza pluralista baten aldeko Ekonomiako ikasleen nazioarteko deialdia”, eta 19 herrialdetako 42 ikasle-elkartek izenpetu zuten hasiera batean (gehiago batu dira gerora).
Manifestu horren aurreneko paragrafoari helduko diogu, argi eta garbi erakusten baitu Unibertsitatean Ekonomia Bidezko eta Solidarioa Sustatuz proiektuaren kezka nagusia: “Krisian dagoena ez da munduko ekonomia bakarrik. Ekonomiaren irakaskuntza ere krisian dago, eta krisi horren ondorioak unibertsitateaz harago doaz. Unibertsitatean irakatsitakoak hurrengo politikari-belaunaldien pentsamoldea moldatzen du, eta, beraz, bizi garen gizarteari forma ematen dio. Guk, 19 herrialdetako 42 elkartetako Ekonomiako ikasleok, uste dugu ekonomia irakasteko modua birplanteatzeko garaia dela. Ez gaude pozik, azken bi hamarkadetan ikasketa-plana pixkanaka pobretzen joan baita. Aniztasun intelektualaren gabezia horrek ez ditu hezkuntza eta ikerketa bakarrik kaltetzen; hogeita batgarren mendeko erronkei –hala nola egonkortasun finantzarioari, elikadura-segurtasunari eta klima-aldaketari– aurre egiteko dugun gaitasuna ere mugatzen du. Egiazko munduari berriz ere ikasgeletan sartzen utzi behar zaio, eta, harekin, eztabaidari eta teoria eta metodoen pluralismoari itzultzen. Horrek diziplina berritzen lagunduko luke, eta gizarteko arazoei irtenbideak aurkitzeko espazio bat sortzen”.
< Ekonomia bidezkoago baten aldeko unibertsitate-ikasleak < Unibertsitateak ekonomia bidezkoagoa eraikitzeko duen zeregin erabakigarria