Mugarik gabeko Ekonomialariak GGKEak 2013-2014 kurtsotik darama lanean Euskadin ekonomia bidezkoago bat sustatzeko Lanbide Heziketan. Zentroek urte hauetan guztietan eman duten laguntzari esker, ikasleengana iritsi ahal izan dugu, elkarlanean antolatutako hainbat saio, hitzaldi eta ekitaldiren bidez. Denbora honetan guztian, material-sorta zabala sortu dugu gaiarekin loturiko kontzeptuak ikasleei helarazteko.
Hemen eskuragai “Ekonomia arduratsu, bidezko eta solidario bateranzko urratsak” Gida Didaktikoa urte hauetan zehar bildu dugun materiala hiru unitate didaktikoetan antolatuz:
– Enpresa eta Giza Eskubideak
– Ekonomia Sozial eta Solidarioaren ikuspegian erroturiko ekintzailetza
– Komunikazioa genero eta Giza Eskubideen ikuspegitik
Unitate hauetan jasotzen diren saioen bidez lehendik ere prestakuntza-zikloetan jasota dauden eta ikasturtean zehar lantzen diren gaiak landu nahi dira, baina beste ikuspegi batetik. Unitate didaktiko bakoitza hiru saioz osaturik dago, eta saio bakoitza ordubetekoa da. Unitateetan eskura jarritako eduki, baliabide eta material guztiak modu puntualean erabil daitezke, eta ziklo bakoitzaren beharrizanetara egokitu daitezke.
Hemen uzten dizuegu gida didaktikoa deskargatzeko aurkibideari esteka, euskarazko bertsioa eta gaztelerazko bertsioa, erabilera gida batekin erabilgarri duzue.
Deskarga egiterakoan edozein arazorik izanez gero idatz ezazu ecosfron.euskadi@ecosfron.org e-mailera eta e-mail bidez helaraziko dizuegu materiala.