Proiektuaren helburua da unibertsitate-komunitatea gehiago trebatzea eta konprometitzea bidezkoagoak diren egitura ekonomiko eta sozialen eraikuntzan, tokiko giza garapen baterantz joateko, hala nola jarduera hauen bidez: prestakuntza-saioak egitea curriculumaren arloan, ikastaro presentzialak eta onlinekoak antolatzea, praktiketako ikasleak hartzea, gradu- eta master-amaierako lanetan laguntzea, ikasle eta aktibistek egindako artikuluak eta komunikazio-materialak zabaltzea, gidak eta dibulgazio-dokumentuak prestatzea, ikasle-mugimenduekin eta gazte-elkarteekin lankidetzan aritzea
2010az geroztik, Mugarik gabeko Ekonomialariak modu sistematizatuan ari gara gauzatzen “Ekonomia bidezkoago baten aldeko unibertsitate-ikasleak” esku hartzeko ildoa; horretan lagundu digute Donostiako Udalak, Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziak.
Euskadin, unibertsitatean antolatu genituen sentsibilizazio-jardueretan, ebaluazio-galdetegiak egin genizkien ikasleei, eta ondorio hauek atera ditugu haietatik:
- Denek uste dute Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako ikasketa-planetan, ezta apenas Ekonomian ere (Garapenaren Ekonomia eta Nazioarteko Antolaketa Ekonomikoa ikasgaietan bakarrik), ez dela barne hartzen paradigma neoklasikoa ez beste ekonomia egiteko modurik, ezta helburu bakartzat onurak maximizatzeaez duen enpresa egiteko modurik ere.
- Gehiengoak uste du ikasketen aurreneko mailatik txertatu beharko liratekeela ikuspegi alternatiboak kurrikulumean, fakultateko adar guztietan lantzen diren ikasgaietan, elementu kritiko komunak izateko.
- Hala ere, gutxik uste dute unibertsitateak ikasgai berriak edo eduki pluralagoak txertatuko dituenik: “ez zaie interesatzen ikasleak ekonomia sozialago batean murgiltzea, eskulan merkea eta ondo kualifikatua (hau da, kontulari automatak, bulegari serioak eta autokritikarako gaitasunik gabeko pertsonak) bilatzen duten enpresen interesen aurka baitoa”..
Identifikazio horrez gain, 2016ko abenduan inkesta bat egin genien EHUko Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako aurreneko mailetako 301 ikasleri, garapenari eta justizia globalari buruz zer iritzi zuten jakiteko. Hona hemen inkestaren emaitza garrantzitsuenak:
- Tokiko eta munduko pobreziaren kausa nagusitzat jotzen dituzte ustelkeria, behar ez besteko hezkuntza, gerrak, gatazkak eta gizarte-desorekak. Klima-aldaketa, NDF/Munduko Bankuaren politikak eta merkataritza-politikak dira, inkestatuen ustez, garrantzi gutxien dutenak.
- Garapenari eta justizia globalari buruzko informazio-iturri nagusiak Internet eta sare sozialak dira; ikasleek apenas jotzen dute informazio-buletinetara eta telebistara.
- Inkestatutako pertsonek badakite zer diren garapena, ekonomia sozial eta solidarioa eta Europako finantza-erakundeak, baina gehienek ez dakite zer diren Tobin tasa, GGKEak edo justizia soziala.
- Pobreziaren, berdintasunik ezaren eta injustiziaren aurka borrokatzearen ardura nagusia aberastutako herrialdeetako gobernuek dute, eta, bigarren mailan, beste erakunde batzuek, hala nola Nazio Batuek. Erdi-mailako ardura izango lukete GGKE-ek eta gizarte zibileko beste erakunde batzuek, pobretutako herrialdeetako gobernuek eta gizabanakoek. Ardura txikiena enpresa-sektore pribatuak izango luke.
- Inkestatuen ia erdiek uste dutenorberak bere kabuz ezin duela eraginik izan nazioarteko erabakietan, eta %40,1ek ez du uste bere herrialdeko erabakietan eragin dezakeenik. Baina, gehienen iritziz, ekintza kolektiboek justizia handiagoa lortzeko aldaketak eragiten lagun dezakete.
- Inkestatuen erdiek uste dute ikasten ari diren ekonomiak ez dituela barne hartzen ikuspegi heterodoxo edo alternatiboak.
Ekonomiaren inguruko ezagutza aldatu behar dugu, politika ekonomikoak egiteko modua aldatzeko. Teoria eta errezeta tradizionalek ez dute funtzionatu, eta, gainera, kasu askotan, milioika pertsonaren bizi-baldintzak okerragotu dituzte, gutxi batzuen mesedetan. Eduki eta eztabaida berriak behar ditugu ikasgeletan, unibertsitate-ikasleek konpromiso handiagoa izan dezaten egitura ekonomiko eta sozial bidezkoagoen eraikuntzarekin. Horrenbestez, ekonomia bidezko eta solidario bat sustatu dadin eskatu behar dugu, ekonomia politikoa gizarte-zientziatzat duen jatorrizko kontzeptutik abiatuko dena.
Sarak Ekonomia ikasketak amaitu berri ditu
< Ekonomia bidezkoago baten aldeko unibertsitate-ikasleak < Proiektuaren helburua: ekonomia bidezkoago baten aldeko unibertsitatea