Luis Antonio Sáez Pérez. Zaragozako Unibertsitatea
Bárbara Soriano. Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa (UPM) .

. 1. Sarrera
2021eko ekainean, Europako Batzordeak Europar Batasunaren landa-eremuetarako epe luzeko ikuspegia (LTVRA) aurkeztu zuen . Bertan aitortzen zen garrantzitsua zela landa-eremuen etorkizuna babestea eta etorkizun horretan inbertitzea, eremu horien eta Europaren potentzial ekonomikoaren ongizatea bermatzeko. LTVRA ekimenaren asmoa, 2040. urtera begira, landaguneei bultzada berri bat ematea da, horien inguruko ikuskera aldatuz eta aukera berriak sortuz lau ildo nagusiren inguruan: landa-eremu indartsuagoak, konektatuagoak, erresilienteagoak eta oparoagoak izatearen inguruan.
Lau estrategia horiei dagokienez, eta egia esan, landa-garapenerako edozein politikari dagokionez, dibertsifikazioa hartzen da bitarteko eta helburutzat. Horri gehitzekoa litzateke proposatu dugun aniztasunaren kudeaketa propositiboa ere. Hori horrela, sormen handiagoaren oinarria izan ohi da polinizazio gurutzatua (Rauch 1993), eta kohesioa eta ongizatea nagusi diren egoerak eragiten ditu.
Abiapuntutzat du pertsonen arteko harremanen sendotasuna, desberdinak izateagatik elkar aintzat hartzen duten eta lankidetzan dihardutenen artekoa (Granovetter 1973). Hala ere, irakurketa ohikoenak adiera funtzional eta urbano hutsean geratu ohi dira. Nahiz eta horrek ere garrantzia handia izan, ez dituzte kontuan hartzen beste molde bateko «aniztasun» batzuk, hala nola kulturaren, adinaren, etniaren eta afektibitatearen ingurukoak. Horiek eragindako dinamika garrantzitsuek, sarritan hibridatuek, lehiakortasun handiagoa sortzen dute, eta herri txikietan kosmopolitismo berezi bat eratzen..
Artikulu honetan hausnartzen da landa-munduko aniztasunak nola laguntzen dien lehen aipatutako lau ildo horiei –indarrari, integrazioari, erresilientziari eta dinamismoari–. Hori egiteko, ordea, esanahi humanistagoei helduko zaie. Horrek aukera emango digu ausartagoak izateko eta harremanei eta konpromisoei buruz hitz egiteko, funtzioei eta sinergiei buruz baino gehiago. Komunitateei buruz hitz egiteko, administrazio-unitateei buruz baino gehiago. Eta zoriontasunari buruz hitz egiteko, eraginkortasuna metabolizatzeko eta sakontasun handiagoa emateko elementutzat, batez ere landako herri txikietan. Dibertsifikatzea ez da soilik proposatzen merkatuek araututako eta gobernuek zuzendutako ekoizpen eta kontsumo moduetan alternatiba hobeen iturritzat, baita herritarrak kontzienteago eta solidarioago gobernatzeko eta gauzatzeko bidetzat ere, eta, bereziki, askotarikoak eta konplexuak diren pertsonek osatutako gizarte zibilaren gaitasunak zabaltzeko eta eraginkor bihurtzeko bidetzat. Dax eta Copusek (2022) diote interesgarria dela eztabaidatzea ea komenigarria den analisietan eta proposamenetan bira hori ematea, dibertsifikazioari lotutako eraginkortasun ekonomizistari emandako eta enpresa lehiakortasunean oinarritutako ikuspegiaren aurrean (horren adibidetzat adierazten zituzten Lisboako Estrategia eta Smart Growth trasposizio aseptikoa). Horren ordez, izaera integralagoko garapen baterantz jo beharko litzateke. Gure kasuan, Nussbaum eta Sen (1993) izan dira oinarriak: pertsonen eta haien komunitateen gaitasunari eta garrantziari buruz dituzten ideiak.
Hurrengo ataletan, hasiera batean, dibertsifikazioa planteatuko dugu literatura akademikoaren eta Europako politikaren ardatz nagusietan, landa-ekonomian oinarrituta. Epigrafe batean zabalduko dugu gero ikuspegi hori, gobernu on batek izan beharreko alderdi sozialak kontuan hartzeko. Ondoren, komunitatearen inguruko gaiei helduko diegu, aukera ematen dutenei populazio irekiak eta bizinahi handikoak izateko. Amaitzeko, eztabaida labur bat egin eta ondorioak aterako ditugu.
2. Europako politikak bultzatutako dibertsifikazio ekonomikoa
Landa eremuen oparotasuna sustatzeko LTVRA ekimenean definitutako jarduketa-ardatz nagusia landa eremuetan jarduerak eta funtzioak dibertsifikatzen laguntzea da. Dibertsifikazio hori, batez ere, ekonomiari dagokio. Tokiko ekonomia eraldatzeko estrategia gisa definitzen da, eta estrategia horren helburua da ekonomia bakarra izatetik hiru sektoreetatik (lehen, bigarren eta hirugarren sektoretik) eratorritako diru-sarrera ugari datozkion ekonomia izatera igarotzea. Estrategia horrek aspalditik hautemandako premiari erantzuten dio, hau da, landa eremuko biztanleek nekazaritzako ekoizpenetik eratorritako diru-sarrerak bakarrik ez sortzeari. Horren ordez, askotariko lanbideak izateko aukera eman nahi zaie, diru-sarreren inguruko arriskuak murriztu eta negozio berriak sortu ahal izateko. Ekonomia dibertsifikatzeko prozesuek eragin positibo ugari dituzte. Ildo horretan nabarmentzekoa da, besteak beste, ekarpena egiten diola diru-sarrerak handitzeari, murriztu egiten duela espezializazio-arriskua (zaharkitzea, lehiakide berriak eta enpresa bultzatzaileen kudeaketa txarra, besteak beste). Sektore desberdinen arteko kanpoko harreman positiboak ere sortzen ditu, ezagutzak partekatzea areagotzen du eta antolamendu-berrikuntza dakar. Horrez gain, balio estrategiko handiko ukiezinak eragiten ditu, biztanle eta lanerako aukerak berriak erakartzen ditu, eta aurrerapausoak dakartza lurraldearen gobernantzako prozesu berrietan eta ingurumenaren kontserbazioan. Dibertsifikazio ekonomikoak kontzeptu hori lurralde-mailan definitzeko erronkari egin behar dio aurre. Eraginkorra izan dadin, gutxieneko atalase edo masa kritiko bat behar du, eta nekez sor daiteke hori egiturarik ez duten dentsitate txikiko lurraldeetan. Landa-eremu urrun eta despopulatuetan, litekeena da tokiko mailan lehenetsia izatea, jarduera ekonomikoen kopuru mugatu baten aurreko eragin estatistiko huts baten emaitzatzat, baina sektore gailen baten eta egitura ekonomiko indartsu eta dinamikorik gabe. Nolabaiteko tentsioa dago dibertsifikazioaren eta espezializazioaren artean. Izan ere, negozio-ereduak bideragarriak izateko, haiek abantaila erlatiboak aprobetxatu behar dituzte hasierako etapa batzuetan, enpresa mailan, baina baita sektore mailan ere, ezinbesteko bidesari gisa. Martino et al. (2022) erreferentziatzat hartuta, gaur egun landa-dibertsifikazioan aurrera egiteko funtsezko lau esparru daude: :
1. Enplegua, ekintzailetza eta negozio-eredu berriak: Eremu horren arabera, nekazaritza-turismoak aukerak eman ditzake jarduera ekonomikoa dibertsifikatzeko. Hori sustatzen duten negozio-ereduen garapenak oinarri dute elkarlaneko ekonomia, gizarte-kohesioa eta baliabide naturalen erabilera jasangarria. Nekazaritza-turismoarekin batera, urruneko lanari laguntzeko eta zerbitzu anitzeko zentroak garatzeko estrategiak ere enplegua sortzeko interes handiko iturritzat hartzen dira.
2. Landatartasun adimenduna eta digitalizazioa: Tokiko biztanleak bultzatzean datza, haien ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-baldintzen hobetzera, beste komunitate batzuekiko lankidetzan jardutera eta berrikuntza sozialean parte hartzera. Digitalizazioak berekin dakar teknologia digitalen eskuragarritasuna eta erabilera erraztea landa-eremuetako bizitza pertsonalean eta lanekoan, bai eta zerbitzu publiko eta pribatuen hornikuntzan ere, prestakuntzaren eta gaikuntzaren bidez.
3. Nekazaritza dibertsifikatzea: bideratuta dago, batik bat, kalitate handiko tokiko ekoizpenak bultzatzera, hornidura kate laburrak garatzera eta elikagai produktuak (tokikoak) ziurtatzera, kalitate eskemen baitan, hala nazionalak nola EBri dagozkionak (Jatorri Deitura Babestua, Adierazpen Geografiko Babestua eta Espezialitate Tradizional Bermatuak, besteak beste).
4. Klimari erantzutea eta bioekonomia garatzea: Esparru horretan bereziki nabarmentzen da energiaren sektorea, batez ere energia berriztagarrien ekoizpenari lotutakoa (biomasari, eolikoari eta eguzki-energiari), baita nekazaritza sektoreko ikerketa eta berrikuntza ere, elikagaien jasangarriak ekoizteko
3. Dibertsifikazio ekonomikoa eta aniztasun soziala
Dibertsifikazio ekonomikoko prozesuek berrikuntza-prozesuak dakartzate (Mc Fadden, Gorman, 2016), eta aldean dute berrikuntza teknologikoa ere (produktu berriak eta produkzio-prozesuak) baita gizarte-berrikuntza ere. Azken horri dagokie interakziorako eta inklusiorako modu berriak dakartzaten gizarte-praktiketako aldaketei, besteak beste honako hauei:
1 – Antolaketa- eta lankidetza-berrikuntzak tokiko eragileen, beste ekoizle batzuen eta kontsumitzaileen artean, tokiko ezagutzak eta ezagutza zientifikoak integratuz;
2 – merkaturatze-berrikuntzak;
3 – jarreren inguruko berrikuntzak, eta horien baitan lankidetza eta eragileen gaitasuna eta portaera edo pertzepzioen aprobetxamendua; eta
4 – landa-ingurunean zerbitzuak ematera bideratutako gizarte-ekintzailetza (Gamito eta Madureira, 2019).
Hori dela eta, beharrezkoa da dibertsifikazio-prozesuetan biztanleria-talde handiek parte hartzea. Horrek, landa-munduan, honako eragile hauek hartzen ditu: landa-eragile tradizionalak, hala nola nekazariak eta abeltzainak, gainerako sektore ekonomikoetako ekintzaileak eta langileak, politikaren erabakitzaileak, eta dibertsifikazioaren onuradun izan daitezkeen herritarrak
Hori horrela, ekonomia dibertsifikatzearekin batera espero den emaitza nagusietako bat da aniztasun soziala. Bertan, eskualdearen garapenari ekarpena egiten diote ezaugarri, baldintza eta gaitasun desberdinak dituzten pertsonek, elkarrekintzan jardunez. Horrek erraztu egiten du dibertsifikazioa aztertzea, ikuspegi bertikaletik/sektorialetik (ekoizpen sektoreetara mugatutakotik) harago. Izan ere, ikuspegi horizontala txertatzeak kontuan hartzen ditu dibertsifikazio-prozesuan azaleratzen eta erabiltzen diren ukiezin estrategikoak: talentua, berrikuntza, sare eta harremanak, eta kalitate instituzionala.
Ikuspegi horretatik, Europako Batzordeak LTVRA ekimenean jasota dauka laguntza handiagoa eman behar zaiela gizarte-ekonomiaren barruko proiektuei, kolektibo kalteberen beharrei erantzuteko (hala nola gazteei, emakumeei eta migratzaileei) eta gizarte-erakundeei eta ekoizle-taldeei laguntzeko. Europako Batzordeak, LTVRA jarraitzeko txostenean, honako hau adierazten du: azken urteetan aurrerapausoak eman direla dibertsifikazioari emandako laguntzan. Izan ere, gizarte-ekonomiarako EBren ekintza-plan bat definitu da, landa-eremuetarako gizarte-ekonomiaren arloko jardunbide egokiak argitaratu dira eta finantzaketa-aukera berriak bultzatu dira. Txosten horretan, Europako Batzordeak gizarte-ekonomia eta hezkuntza babesten jarraitu behar dela ondorioztatzen du, 2040ra begira.
4. Bizinahi handiko aniztasuna lortzeko gakoak
Dibertsifikazioa beste modu batera interpreta daiteke: desadostasunek eta kontrasteek eraginda, pertsonak eta komunitateak gaituko dituen garapen baterantz aurrera egitea lortzen duen prozesutzat. Landa-aniztasuna, gaur egun, bereziki ordezkatzen dute sinplifikatu ezin diren jatorri eta ibilbideak dituzten biztanle berriek. Horiek ez daude landa-garapeneko estrategia gehienetan, ez baitituzte kontuan hartzen biztanle horien gaitasunak (eta eskubideak/betebeharrak). Horrez gain, nabarmentzekoak diren identitateak eratu dira, pertsona- eta talde-mailan oso moldakorrak direnak, eta aldatu egiten direnak bizi-etapa batetik bestera. Gizarte hauetan aldagaitzak dira ia oinordetzan hartutako natura, paisaiak, ondare material eta immateriala; ildo horretatik, pertsona konprometituak behar dituzte, errotuta daudenak, jarraipena nori eman edukitzeko.
Bestalde, bizi-proiektuetan belaunaldien arteko dibergentzia proposizio batera bideratzea ere zailtasun handiko prozesua da. Gabezia larrienetako bat, lehengoratzen zaila izan arren, ondare komunitarioaren tradizioekin lotuta dago, errelebo faltagatik garatu ezinik geratuko diren proiektu emergenteekin batera desagertzen baitira. Dibertsitateak beste alderdi batzuk ere hartzen ditu, hala nola denborazko eta fisikoa. Izan ere, mugikortasuna egungo landa-ingurunearen berezko tasuna da, eta, beraz, komunitate bateko eta besteko kide dira aldi berean. Horiek guztiak hain dira konplexuak eta korapilatuak aldi berean, non autoktono izateari eta benetakotasunari buruzko diskurtsoak ez baitiren beti harmonikoak, eta ez baitiren arrazoituz eta enpatiaz egiten.
Appiah (2019) aipatuz, komunitateak mugiarazten dituen ekintza kolektiboak, herrialde edo herri izan, aniztasuna baitan daukan eta aurrerapen bihurtzen duen identitate partekatu bat eraiki behar du. Bataren eta bestearen arteko talkek ideia hoberenen garra piztea lortu nahi da, hizketaldi eta eztabaidak sortzeko; baita proiektuak sendotzeko ere, grinak dakarren tentsioa baliatuta. Prozesu eraikitzaileak eta inklusiboak asmatzen ikasi behar dugu, aniztasunetik abiatuta, orekaz eta zentzuz. Izan ere, desegokiro prestatuz gero, estereotipoak eta ghettoak betierekotu ditzaketen liskar-egoerak sor ditzakete. Lehenbiziko hori lortzeak ez luke hain zaila izan beharko, desberdintasunak eta nortasunak ez direnean eraikuntza sozialak besterik; «batzen gaituzten gezurrak», Appiah (2019) berriro aipatuz. Hala ere, nekeza da, konpontzen zailenak diren arazoak baitira, hain zuzen, adimenek bihurritutakoak: «the wicked problems» (Tietjen & Jøersen, 2016).
5. Ondorioak
Dibertsifikazioaz dihardugunean, heterogeneoak dira ikuspegi integratzaile eta heterodoxoa iradokitzen duten motibazio eta testuinguru guztiak. Hala ere, arreta batez ere merkatuari ematen zaio, prezioekin eta zergekin kuantifika daitezkeen datuak argitzen baititu, eta ez alderdi ukiezin eta kualitatiboak, non tolerantziarekin, talentuarekin eta «leku sortzaileak» eratzeko teknika berritzailearekin lotutako balioak eta konbentzimenduak nagusitzen diren (Florida, 2003).
Aniztasunak egin daitekeen hori izan behar du abiapuntutzat, eta ez zaio gidalerro horri uko egin behar gezurrezko bake baten truke. Izan ere, horrek sorgortu egingo gintuzke, eta arriskutsua izango litzateke. Ondorioz, ez lirateke saihestu beharko ekintza politikotik eta akademiatik abiatutako eztabaida eta liskarrak, harmonia adimentsu eta sentikorra eragiten baitute. Landa-garapenari buruzko hainbat eztabaidatan hizpide da, dagoeneko, dibertsifikazioa berrinterpretatzea. Horrek aipatu egiten ditu landako biztanleek beheraldietara egokitzeko dituzten balio eta aukerak, haien aniztasunean bizikidetza osoagoa izateko abagunea ematen dieten horiek, eta gaitasunak eta garrantzia sustatzen dituzten horiek (Pinilla eta Saez, 2021).
Horren ondorioz, dibertsitatea aztertzean, enpresa- eta ekoizpen-alderdi hertsiak ez ezik, harago dauden beste alderdi batzuk ere kontuan hartu behar direla uste dugu. Ezin jar dezakegu zalantzan haien garrantzia; izan ere, enplegu gehiago eta hobeak izateak ondorio sozialak ditu, ahaldundu egiten ditu era bateko eta besteko genero eta adinak, eta aukera ematen du gaitasun eraginkorrak izateko. Jarduera ekonomikoek landa-eremua moldatzen dute, baldintzatu egiten baitute zein taldek egingo duen aurrera, eta zein utziko diren «alde batera» (Rodriguez-Pose, 2022. Beraz, beharrezkoa da jarduera horiek aztertzea, eta horien arabera jokatzea. Zuzkidura ekonomikorik ez izateak asko murrizten ditu aukerak, eta zenbait gaitasun garatzeko aukera mugatzen dute. Baina badira kontuan hartu beharreko beste zenbait bizi-eremu ere. Errenta-maila batzuetatik aurrera, luzarotik egiaztatu du Easterlinek (2023) zoriontasunak ez duela goranzko joera. Eta landa-eremuko herri txikiek ekintza-maila kolektiboak ahalbidetzen dituzte, aniztasunari zentzuz eta sentikortasunez aurre egiteko. Beraz, dibertsifikazio-estrategiak birdefinitu behar dira, haien zentzua zabaldu; esanahia eman behar diegu, esangura izan dezaten… bizitzarekin gertatzen den bezala.



