
Komunitate maitea,
Azken hilabeteotan, Mugarik Gabeko Ekonomialariak-en erakunde, komunikabide eta pertsona asko kezkatzen dituen gaiari buruz hausnartzen aritu gara: ba al du zentzurik X (lehen Twitter) -n gure presentziarekin jarraitzeak? Kontu handiz hausnartu eta aztertu ondoren, X sare soziala uztea erabaki dugu. Jarraian azalduko dizkizuegu arrazoi nagusiak.
Hilabeteak daramatzagu kezkaz behatzen X-en narriadura, aberastasunaren eta boterearen kontzentrazioaren zerbitzura dagoen tresna bihurtu dena, botere ekonomikoak esfera politikoan duen eragin gero eta nabarmenagoa, espazio publikoaren higadura, gorroto mezuen hedapena eta gezurrezko albiste eta buloen hedapen interesatu eta alboratua. Ez gara bilakaera hori beldurtuta ikusten duen erakunde bakarra: azken hilabete hauetan, asko izan dira gero eta toxikoagoa eta desinformatzaileagoa den sare batean edukiak argitaratzen ez jarraitzeko erabakia hartu duten komunikabideak, unibertsitateak eta erakundeak.
Bestalde, Mugarik Gabeko Ekonomialarak-etik espazio digitalen aldeko apustua egiten dugu, hausnarketatik, espiritu kritikotik eta itxaropenetik abiatuta ideiak isurtzea eta proposamen eraldatzaileak ernetzea ahalbidetuko dutenak. Azken batean, gure filosofiarekin koherenteagoak diren komunitate digitalak bultzatzea, Marta G. Francok gure Udako Ikastaroko saio inspiratzaile honetan bikain azaldu zuen bezala (ikusi ez duenak eta espazio digitalei buruz zer momentuan gauden jakin nahi duenarentzat baliabide ezin hobea).
Erabaki hau ez dugu bakarrik hartzen: asko gara alternatibak lantzeko espazio digital eraikitzaileago, atseginago eta emankorragoetara elkarrekin aldatzea erabaki dugun entitate, erakunde eta pertsonak. Horregatik, https://goazenlagunok.eus/ kanpainiarekin bat egiten dugu. Kanpaina horrek fedibertsora aldaketa sustatzen du, sare digital kolaboratibo eta deszentralizatua, modu osasuntsuagoan eta atseginagoan topo egiteko, hitz egiteko eta harremanak izateko. Horregatik, urtarrilaren 20an X-n argitaratzeari utziko diogu, merezi dugun etorkizuna beste ingurune batzuetan eraikitzen hasteko.
Orduan, nola jarrai dezakegu harremanetan hemendik aurrera? Lehenik eta behin, biziki gomendatzen dizugu gure hileko buletinera harpidetzea (dagoeneko harpidetu ez bazara). Buletin horrekin, sustatzen ditugun ikastaro, ekimen eta baliabideen berri izango duzu. Gainera, duela aste batzuk kontu berria ireki genuen Mastodon (mastodon.social/@EconomiaJusta) eta beste bat Blueskyn (@economiajusta.bsky.social).
Urte guzti hauetan Twitter/X-en gurekin egon zaretenoi eskerrak eman nahi dizkizuegu gure proposamenak jaso dituzuen babesagatik, izandako trukeengatik eta interesagatik. Lanean jarraituko dugu beste ekonomia modu batzuk sustatzeko, alternatibak eraikitzeko aproposagoak diren lekuetatik. Etapa berri honetan gurekin egotera eta aniztasuna, tratu ona eta egiazko informazioa lehenetsiko dituzten komunitate digitalak sortzen laguntzera gonbidatzen zaituztegu. Ez badakizu nondik hasi, artikulu hau abiapuntu ona da.
Adeitasunez,
Mugarik Gabeko Ekonomilariak-eko taldea



