Turismoa etorkizuneko ikuspegiarekin

  Idurre Ostolaza Gárate            BASQUETOUR, Turismoaren Euskal Agentzia
  Andrés Fernández Alcantud  SEGITTUR, Berrikuntzaren eta Teknologia Turistikoen Kudeaketarako Estatuko 


Turismoa, XXI. mendeko ekonomiaren sektore nagusietako bat izateaz gain, fenomeno global eta soziala da, hazkunde esponentziala izan duena, batez ere azken hamarkadetan. Fenomeno konplexua da, heterogeneoa eta zeharkakoa, eta etengabeko eboluzioan dago. Horregatik, diziplina anitzeko ikuspegitik aztertu behar da.

NBE Turismoaren arabera, turismoa fenomeno sozial, kultural eta ekonomikoa da, eta pertsonak beren ohiko ingurunetik kanpo dauden herrialde edo lekuetara lekualdatzea dakar, arrazoi pertsonalak, profesionalak edo negozioekin loturikoak direla tarteko. Pertsona horiei bidaiari esaten zaie (turistak edo txangozaleak izan daitezke; egoiliarrak edo ez-egoiliarrak).

Turismoaren jarduerak diru-sarrera turistikoak sortzen ditu helmugetan. Lurralde batean garatzen den fenomenoa da, eta inplikatutako alderdi guztiek dute kasuan kasuko lurraldearen etorkizuna bermatzeko ardura, esparru sozial, kultural edo ekonomiko batetik, edota ingurumen-esparru batetik. Horregatik, funtsezkoak dira lidergo politikoa, inplikatutako eragile sozial eta ekonomikoen parte-hartzea, eta biztanleria egoiliarraren nahiz bisitarien inplikazioa. Horri guztiari esker lortuko da turismoaren garapen iraunkorra, lurraldean duen eragina murrizteko gai izan dadin, etorkizunera begira babestuz, eta, horrela, etorkizuneko belaunaldientzat ere aurrerabiderako aukera saihestezin izan dadin. Izan ere, antzinako esaera zahar batek dioen bezala, “Lurra ez da gure gurasoen herentzia, gure seme-alaben mailegua baizik”.

Baina helmugako turismo-kudeaketa jasangarriaren eredu hori ezin da egun batetik bestera ezarri. Helmugak ikuspegi kontinuista izan behar du, estrategia argia eta lan-egitura finkatua, eta ibilbide profesionalizatua izan behar du turismoaren sektorean ere.

Eta hori guztia, egokitzen ari den ingurune batean, eta zenbait erronka jomugan izanik: pertsona guztientzako turismoa, fluxuen banaketa masifikazioaren aurrean, kontsumitzeko moduaren aldaketa, digitalizazioaren agerpen nabarmena, etab. Pandemia iraganeko kontua dela eta turismoa indartsu berreskuratzen ari dela dirudien une honetan, are garrantzitsuagoa da etorkizunari begirako ikuspegi hori gogoan izatea.


 
Helmuga turistiko adimenduna (HTA)

Gaur egungo testuinguruan, oraingo turismoaren garapen-mailarekin bat etorriz eta turismoaren heterogeneotasuna, zeharkakotasuna eta kanpo-faktoreekiko sentsibilitatea kontuan hartuta, ezinbestekoa da berrikuntza, teknologia eta ezagutza elementu erraztailetzat hartzea, turismoaren garapen arduratsu eta jasangarria, irisgarritasun unibertsala eta helmugaren lehiakortasunaren hobekuntza lortzeko. Turismoaren sektorearen konplexutasunak, gainera, gobernantza-eredu on bat eskatzen du, kudeaketa turistiko eraginkorra, gardena eta parte-hartzailea artikulatuko duena, bai eta lurralde turistikoan eskumenak dituzten eragile parte-hartzaile guztien arteko koordinazioa ere.

Helmuga Turistiko Adimendunaren ereduak plan hauek ditu oinarri: Turismoko Estatu Idazkaritzaren 2012-2015 Turismo Plan Nazional eta Integrala, Espainiarako Agenda Digitala, eta Hiri Adimendunen eta Lurralde Adimendunen Plan Nazionala; horrez gain, lotura du beste hauekin: 2030 Agenda; Hiri Agenda; Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana; 2050 Espainiako Estrategia Nazionala; eta 2030 Turismo Jasangarriaren Estrategia. Gero eta agenda publiko gehiagotan du isla, eta helmugei laguntzeko tresna propioak garatzen ari dira, gainera. Azpimarratzekoa da NBE Turismoak berak aitorturikoa, hauxe, zehazki: “helmuga turistiko adimendunak funtsezkoak dira garapen jasangarrirako, eta, turismoaren sektorerako hobekuntzak sustatzea ez ezik, gizarte osorako hobekuntzak ekartzen laguntzen dute”. Turismoaren kudeaketarako tresna erresiliente bat inplementatzea da kontua, “Helmuga Turistiko Adimendunen eredua” deritzona.

Turismo jasangarri baten aldeko apustu sendoa da, eta, bertan, karga-ahalmena, edukierak, ekonomia zirkularra, baliabideen erabilera efizientea, klima-aldaketaren aurkako borroka, biodibertsitatearen kontserbazioa, kulturaren sustapena, mugikortasun jasangarria eta irisgarritasuna, tokiko ekonomiaren suspertzea, eta saltoki, tokiko ekoizle eta enpresa turistikoekiko babesa aldaketarako bide dira, egoiliarren bizi-kalitatea hobetzeko.

Helmuga Turistiko Adimendunaren ereduaren metodologia eta ezarpena Turismoko Estatu Idazkaritzak sustatzen du, SEGITTUR (Berrikuntzaren eta Teknologia Turistikoen Kudeaketarako Estatuko Merkataritza Sozietatea) politika turistikorako tresnaren bidez, tokiko eta eskualdeko erakundeekin lankidetzan, eta erkidegoetako gobernuen eta probintzietako diputazioen, consells deritzen erakundeen eta uharteetako kabildoen laguntzarekin.

SEGITTURek gidatu zuen lehiakortasuna, kudeaketaren efizientzia eta turismoaren garapena hobetzeko eredu berri baten zehaztapena mundu mailan —alegia, Helmuga Turistiko Adimenduna (HTA)—, gobernantzan eta erantzukidetasun turistikoan oinarrituta. SEGITTURek argitaratutako Helburu Turistiko Adimendunaren Liburu Zuriaren arabera (2015), HTA «helmuga turistiko berritzailea da, abangoardiako azpiegitura teknologiko baten gainean finkatua, lurralde turistikoaren garapen jasangarria bermatzen duena, guztiontzat irisgarria, bisitariaren eta ingurunearen arteko interakzioa eta integrazioa errazten dituena, eta bisitariek helmugan duten esperientziaren kalitatea handitzeaz batera egoiliarren bizi-kalitatea hobetzen duena».

Definizio horretan biltzen dira HTA baten oinarriak: Gobernantza, Berrikuntza, Teknologia, Jasangarritasuna eta Irisgarritasuna, etengabeko hobekuntza-prozesu baten bidez lehiakortasuna bermatuko duen garapen-estrategiaren oinarriak. Kudeaketa-eredu horrek, gainera, turismo-jardueraren zeharkakotasuna eta helmuga bakoitzaren ezaugarri bereizgarriak hartzen ditu kontuan. Kudeaketa hori abian jartzeko, beharrezkoa da turismo-sektore pribatuak, administrazio publikoek, eta sektore akademikoak nahiz I+G+Bko erakundeek, besteak beste, elkarrekin jardutea.

HTA ereduaren metodologia da adierazleen sistema bat aplikatzea lurralde-eremu batean, eremu horretan eskumenak dituen erakunde kudeatzaile bat egonik, eta, horren ondorioz, egoeraren diagnostikoa lortzea eta helmuga HTA bihurtzera bideratutako ekintza-planak egitea.

Helmuga bati Helmuga Turistiko Adimendunaren bereizgarria ematen zaio HTA metodologian aurreikusitako baldintzen % 80 edo gehiago betetzen baditu. Estatuan, diagnostikatutako 220 helmugetatik 9k soilik lortu dute bereizgarri hori. Hauek dira aipatutako erreferente horiek: Bartzelona, Bilbo, Benidorm, Donostia, Gijón/Xixón, Lloret de Mar, Santander, Valentzia eta Gasteiz. Gainerako helmugak % 20 eta % 80 artean daude, HTA bihurtzeko bidean aurrera eginez.

Tokiko erakunde kudeatzaile bat (udala, adibidez) HTA bihurtzeko ekintza-plana gauzatzen hasten denean, behar-beharrezkoa da tokiko sektore turistiko pribatuaren inplikazioa, baldintza edo adierazle askok sektore pribatuaren jarduerari eragiten baitiote, hala nola, eskaintza turistikoa kalitate-sistemetara atxikitzea, negozio turistikoen ingurumen-kudeaketa, ekonomia zirkularra eta energia berriztagarrien erabilera.

HTA eredua eboluzionatzen ari da, 2015az geroztik batez ere, orduan gauzatu baitzen ekimena Helmuga Turistiko Adimendunen txostena: etorkizuna eraikitzen liburu zuria argitaratuta. 2015etik 2017ra bitartean, hainbat proiektu pilotu egin ziren estatuan. 2018an, HTA ereduaren ezarpena zabaltzen hasi zen Espainian, hainbat helmuga turistiko garrantzitsutan (hirikoak, landakoak, barnealdekoak, itsasokoak…) probatutako lehen bertsio metodologikoarekin. 2019an, HTA Sarea sortu zen, eta, 2020an, pandemiari aurre egiteko, metodologia birformulatu eta eguneratu zen; hain zuzen ere, 2022an amaitu zen prozesu hori, eta SEGITTUR eta BASQUETOUR erakundeen lan bateratua egin zen, udaletako HTA metodologia eskualde eta mankomunitateetara egokitzeko.

Gaur egun (2025), metodologia jada finkatuta dagoenez, urrats sendoz doa aurrera lurralde-mailako ezarpena gero eta helmuga gehiagotara zabaltzen ari baita. 215 egoera-diagnostiko eta ekintza-plan baino gehiago egin dira Espainiako eta Iberoamerikako helmuga turistikoak HTA bihurtzeko (Kolonbia, Mexiko, Ekuador, Uruguai, Paraguai, Peru, Dominikar Errepublika, Brasil, Kuba eta Argentina, besteak beste). Hau da, turismo adimendunean eta, beraz, jasangarritasunean etengabe hobetzeko prozesuak inplementatu dira helmugetan, adierazleak neurtzeari eta haiek hobetzeko ekintza-planak aplikatzeari esker

Hauek dira HTA ereduaren helburu nagusiak::

> Helmuga turistikoen gobernantza eta berrikuntza hobetzea.
> Turismoaren jasangarritasun ekonomikoa, soziala eta ingurumen-jasangarritasuna sustatzea.
> Enpresa eta helmuga turistikoen eraldaketa digitala bultzatzea.
> Guztientzako irisgarria den turismoa sustatzea.
> Lehiakortasuna handitzea, bertako baliabide turistikoak hobeto aprobetxatzeari eta beste baliabide batzuk identifikatu eta sortzeari esker.
> Ekoizpen- eta merkaturatze-prozesuen eraginkortasuna hobetzea.
> Helmugaren garapen jasangarria bultzatzea hainbat alderditan: ingurumen-alderdia, alderdi sozioekonomikoa eta soziokulturala.
> Bisitariaren egonaldiaren kalitatea eta egoiliarren bizi-kalitatea hobetzea.
>Turismo-estrategia lurraldearen dinamizazio ekonomikorako oinarri bihurtzea, haren eragin positiboak epe luzerako bermatuta.

HTA baten ikuspegi integratzaileak turismoaren heterogeneotasuna eta kanpo-faktoreekiko mendekotasuna hartzen ditu kontuan, eta administrazioaren eskumen-arlo guztien artean zeharkako ekintza-neurriak abiaraztea dakar, ez soilik turismoaren arloan. Hori dela eta, beharrezkoa da koordinazioa, garapen turistikorako edozein planetako neurrien efizientzia maximizatzeko, bai eta baliabide publikoak optimizatzeko ere. Beraz, HTA ereduak tresna bat eskaintzen die helmugei eta sektore turistiko pribatuari, munduko ingurune ekonomiko, sozial eta teknologiko berriak planteatzen dituen erronka eta eraldaketei arrakastaz aurre egiteko, turismoaren garapenean emandako urteetan lortutako esperientzia txertatuta.

SEGITTURen arabera, HTA ereduaren barruan, jasangarritasunak gai izan behar du epe luzera bideragarriak izango diren jarduera ekonomikoak bermatzeko, agente guztiei ongi banatutako onura sozioekonomikoak ekarriko dizkietenak (enplegu egonkorrerako aukerak izatea, egoiliarrentzako diru-sarrerak eta gizarte-zerbitzuak lortzea, pobrezia murriztea…), etorkizuneko belaunaldiek beren beharrak asetzeko izango dituzten ahalmenak errespetatuta.

HTA ereduaren jasangarritasun-ardatzak hauen alde egiten du: benetakotasun soziokulturala errespetatzea eta kontserbatzea, aktibo kulturalak baliabide eta erakargarri turistiko gisa behar bezala balioetsita; ingurumen-baliabideen erabilera optimoa egitea, funtsezko prozesu ekologikoei eutsiz eta helmugako baliabide naturalak eta aniztasun biologikoa kontserbatzen lagunduz; tokiko biztanleentzat ongizate sozial eta ekonomiko oparoa lortzea, fluxu turistikoen presioak zerbitzu publikoen erabileran eragin negatiborik izan gabe.

HTA ereduak laguntzarako tresnak ditu, hala nola Helmuga Turistiko Adimendunen Sarea, Dataestur eta Adimen Turistikoaren Sistema.

Helmuga Turistiko Adimendunen Sarea 2019an sortu zuten, eta helmugen topagune izateaz gain, euskarri bat da, kudeaketa-eredu adimenduna eta garapen turistiko jasangarriagoa lortzeko eraldaketa-prozesuan helmugei laguntzeko. Funtsezko jardunbidea da helmugei balioa emateko eta, diagnostikoa oinarri hartuta, proiektuen jarraipena egiteko; horrela, kohesioa, jardunbide egokien trukea eta helmugen arteko sinergien aprobetxamendua erraztuko da. Gaur egun, HTA Sareak hiru kide-mota ditu: titularrak (destinoak/tokiko erakundeak), instituzioak (erakundeak/elkarteak…) eta laguntzaileak (sareko kideekin proiektuak/lanak dituzten enpresak). Sarea 57 kiderekin eratu zen, baina 10 aldiz handiagoa izatera iritsi da. Hala, gaur egun, 2025eko udan, 691 kidek osatzen dute HTS Sarea; horietatik 501 kide titularrak dira, 92 kide instituzioak, 91 enpresa laguntzaileak eta 7 nazioarteko begiraleak.

Nabarmentzekoa da HTA Sareko kide diren EAEko helmuga guztiek dutela HTA diagnostikoa eta ziurtagiria; horrez gain, Bilbo, Donostia eta Gasteiz eskubide osoko HTA duten Estatuko bederatzi helmugetako hiru dira.

Kudeatzaile turistikoei webgune bat jartzen zaie eskura, kontsulta eta analisirako: xxxDataesturxxx, Espainiako turismoaren iturri eta datu garrantzitsuenak biltzen dituena. Bertan, Espainiako turismoaren datu garrantzitsuen aginte-koadroak eta bistaratzeak jasotzen dira, baita txosten analitikoak, datu-mapako bisoreak, eta eskuragarri dauden datu-iturriak ulertu eta erabiltzeko laguntza ere.

Era berean, SEGITTURek turismoari buruzko informaziorako eta ezagutzarako sarbidea ematen die HTA Sareko toki-erakundeei; bertan biltzen dira udalerrietarako eskuragarri dauden datu-iturri guztiak. Helmugako Adimen Turistikoaren Sistema (Helmugako ATS) da. Udalerri-mailan, helmuga bakoitzaren datuetarako sarbide bakarra da. Sisteman, udalerri bakoitzeko datuen bistaratze analitikoak eta Dataestur aplikazioan argitaratutako adierazle nagusiak eskaintzen dira, baita intereseko informazio osagarria ere, helmugako kudeatzaileentzat soilik eskuragarri dagoena. Nabarmendu behar da ATS-Euskadi —SEGITTUR eta BASQUETOUR erakundeen lankidetzaren emaitza— erreferentziazko eta punta-puntako sistema dela ezagutzan eta adimen turistikoan.

Turismoaren kudeaketarako tresna horiek Estatu osoan daude ezarrita, baita Latinoamerikako zenbait herrialdetan ere. . 


Euskadiko aplikazio praktikoa

Euskadi erreferentea da HTA ereduaren ezarpenean, aspalditik ari baita bere lurraldean garapen turistiko arduratsua lantzen, baita eredua bera existitu baino lehenagotik ere.

Sarreran nabarmendu denez, kudeaketa-eredu jasangarriaren eredu hori ezin da egun batetik bestera ezarri. Helmugak ikuspegi kontinuista, estrategia argia eta lan-egitura finkatua izan behar ditu, eta ibilbide profesionalizatua turismoaren sektorean.

Ildo horretan, BASQUETOUR-Turismoren Euskal Agentzia, Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzaren sozietate publikoa (Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila – Eusko Jaurlaritza), duela ia bi hamarkada sortu zen, Euskadi sustatzeko behar diren sustapen-, merkaturatze- eta publizitate-ekintzak gauzatzeko, bai Estatuko eta nazioarteko merkatuetan, merkatuaren egoeraren arabera lehentasunezkoak eta estrategikoak direnetan, bai Euskal Autonomia Erkidegoan turismo-arloan eskumena duen Jaurlaritzako organoak agindutako foro eta lekuetan; horrez gain, Basquetourren helburua izan da Euskadiko turismo-sektorearen lehiakortasuna hobetzeko behar diren ekintzak bultzatzea, abian jartzea eta gauzatzea, Euskal Autonomia Erkidegoan turismo-arloan eskumena duen gobernu-organoak diseinatuta eta planifikatuta.

Euskadiko sektore turistikoaren lehiakortasuna hobetzeko ekintza horiek behar bezala ezartzeko, bai helmugetan, bai sektoreko enpresetan, funtsezkoa izan da Turismoaren arloko Euskadiko Lurralde Garapenerako Eredu egokia izatea.

Euskadin eratutako Lurralde Garapenerako Eredu hori arlo publikoaren eta pribatuaren inplikazio- eta lankidetza-esparru formalizatua da, egiturazkoa ez ezik, funtzionamendu-mekanismoen definizioa ere aintzat hartzen duena. Profesionalizazio-maila eta asoziazio-antolakuntza handiagoekin, baldintzak sortzen dira erakundeekiko mendekotasuna gero eta txikiagoa izan dadin, eta sektoreak gero eta modu autonomoagoan eta eraginkorragoan garatu ahal izan dezan turismoaren kudeaketa.

Turismo-lankidetzarako ente edo turismo-kudeaketarako ente bakoitzak (aurrerantzean TLE/TKE) gutxieneko foro jakin batzuk ditu, eta, modu osagarrian, bere lanak behar bezala egiteko egokitzat jotzen dituen beste lan-mahai eta/edo -gune guztiak definitu ahal izango ditu.

Gaur egun, Euskadin, 28 erakunde (TLE/TKE) aritzen dira BASQUETOURekin eta, beraz, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailarekin lankidetza estuan, plan estrategikoan zehaztutako politikak ezartzeko.

TLE/TKE horiek langile kualifikatuak dituzte, aurrez zehaztutako profilarekin, eta BASQUETOURen etengabeko prestakuntza jasotzen dute, proiektu estrategiko guztiei heltzeko. Prestakuntza horrek bi helburu ditu: batetik, turismo-arloko profesionalak kualifikatzea, beren eginkizunak behar bezala bete ditzaten, eta, bestetik, langile guztien bizi osoko ikaskuntza bultzatzea.

TLE/TKE-ek, besteak beste, lehiakortasuna hobetzeko proiektuak kapilarizatzen dituzte (kudeaketa, irisgarritasuna, digitalizazioa, berrikuntza eta jasangarritasuna) turismoaren sektoreko balio-kate osoan —hau da, Euskadiko erakunde publiko zein pribatuetan (enpresak eta helmugak)—, modu homogeneo eta ordenatuan, Euskadiko turismoaren sektore osoaren zuzeneko inplikazioarekin.

2019az geroztik, jada 15 helmugak dute Euskadin HTA metodologiaren ziurtagiria: Donostia, Gasteiz, Goierri, Uribe, Arabako Errioxa, Bidasoa, Bilbo, Busturialdea-Urdaibai, Debagoiena, Getxo, Arabako Ibarrak, Debabarrena, Enkarterri-Meatzaldea, Arabako Lautada eta Portugalete. Horietako hiru eskubide osoko HTAk dira, HTA metodologiaren % 80 gaindituta (Donostia, Bilbo eta Gasteiz). Beste bost helmuga bereizgarria jasotzeko prozesuan daude (Aiaraldea, Gorbeialdea Araba, Gorbeialdea Bizkaia, Urola Erdia eta Urola Garaia); eta, horrela, etengabe ari dira aurrera, egungo 28 helmugek proiektuan parte hartzeko eta beren lanaren aintzatespen gisa bereizgarria jasotzeko aukera izan dezaten.

Hori guztia Euskadiko Turismoaren Kode Etikoaren esparruan, haren azken helburua izanik 2030 Agendako 17 GJHak betetzea. Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Euskadiko Turismoaren Kode Etikoaren dokumentua sinatu zuen 2019an, Donostian eginiko ekitaldi publiko batean. Dokumentu horretan, ekintzen eta konpromisoen katalogo bat dago, eta helburua da eragile turistiko guztiek gizarte-erantzukizunak hartzea eta ingurumen- eta ekonomia-jasangarritasuna txertatzea eguneroko jardunean.

Horretarako, Turismoaren Mundu Erakundeak garaturiko Munduko Kode Etikoaren printzipioak txertatzen eta egokitzen ditu, baita Nazio Batuen 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuak ere..

Euskadiko Turismoaren Kode Etikoaren garapenean, euskal lurraldeen berezitasunak eta gure kulturaren berezko elementuak txertatzen dira. Garapen horretan, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Euskadiko turismoaren sektoreko eragileen, Turismoko Estatu Idazkaritzaren eta Turismoaren Mundu Erakundearen lankidetza eta ekarpenak izan ditu.

2019az geroztik, Euskadin, enpresak/helmugak bertara atxikitzea sustatzen ari dira, jasangarritasunarekin eta erantzukizunarekin duten konpromisoa erakusteko. Hala, enpresek/helmugek beren borondatez ekimenarekin bat egin ondoren, Euskadiko Turismoaren Kode Etikoan ezarritako printzipioak betetzeko konpromisoa hartuko dute.

Horretarako, enpresek nahiz helmugek prestakuntzaren bidea hartu behar dute, sentsibilizatzeko eta Euskadiko Turismoaren Kode Etikoan zehaztutako printzipioak bertatik bertara ezagutzeko; printzipio horiek, hain zuzen, bat datoz gobernantza, teknologia, berrikuntza, jasangarritasuna eta irisgarritasuna alderdiekin, HTA ereduaren bidez.

Abian jarri zenetik, Euskadiko ehunka erakundek (enpresak/helmugak) egiaztatu dute Euskadiko Turismoaren Kode Etikoarekin duten konpromisoa, eta xxx Euskadiko Etika Turistikoaren erregistroa xxx osatzen dute.

Lan hori guztia lurraldearekiko errespetua sustatuz indartzen da, turismo jasangarria eta errespetuzkoa izateko; beraz, marketin turistikoko kanpainek ildo horri eusten diote, bisitari arduratsuak erakartze aldera..

 

Ondorio orokorrak

Turismoaren kudeaketa-eredu arduratsu eta iraunkorrak adimenduna izan behar du (berritzailea, teknologikoa, irisgarria, jasangarria eta gobernantza-erakunde egokiak dituena), eta, batez ere, etikoa.

HTA eredua turismoaren gobernantza-eredu bat da, tresna erabilgarria lehiakortasun turistikorako, lurralde turistikoaren garapen jasangarrirako eta tokiko biztanleen bizi-kalitatea hobetzeko (gizarte-ongizatea, enplegua, osasuna, kultura-garapena, hezkuntza, ingurumena…). Politika publiko horren helburu nagusia da turismo-eredu tradizionala aldatzea eta eredu adimendun bihurtzea, ezagutzaren gizartearekin, trantsizio ekologikoarekin eta ekonomia digitalarekin bat etorriz. Helmuga Turistiko Adimendunaren ereduaren metodologia eta ezarpena Turismoko Estatu Idazkaritzak sustatzen du, udaleko eta eskualdeko erakundeekin lankidetzan, eta erkidegoetako gobernuen eta probintzietako diputazioen, consells deritzen erakundeen eta kabildoen laguntzarekin.

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, BASQUETOUR erakundearen bidez eta helmugetako (TLE/TKE) teknikarien laguntzarekin, lehiakortasun-proiektu horiek lantzen ditu Euskadiko turismo-arloko erakundeekin (enpresak eta helmugak); zehazki, gobernantza eraginkorra eta efizientea, berrikuntza teknologikoa eta ez-teknologikoa, jasangarritasuna, irisgarritasuna eta etika turistikoa hartzen ditu aintzat, turismo arduratsua lantzeko, sektorea lehiakorragoa, etikoagoa eta jasangarriagoa izan dadin. Horrez gain, modu berezian sustatzen ditu helmugak, errespetuzko turismoa erakartzeko.

Prozesu horretan guztian, beste edozein bizi-prozesutan gertatzen den bezala, hainbat erronkari eta problematikari egin behar zaie aurre, hala nola klima-aldaketaren kudeaketa —tokiko ingurunearen eta biodibertsitatearen babesa barne—; kultura-ondare ukigarri eta ukiezinaren kontserbazioa, berreskuratzea eta hobekuntza; mugikortasun garbi eta jasangarriagoaren lorpena; uraren zikloaren kudeaketa; eta turismo-jarduerako lan duina. Euskadiren kasuan, modu iraunkorrean aurrera egitera bideratzen dira ahalegin guztiak, Helmuga Turistiko Adimendun seguru, jasangarri, arduratsu eta lehiakor gisa sendotzeko. Azken batean, bikaintasuneko helmuga turistikoa, lehiakorra eta kalitatezkoa lortu nahi da, gero eta turismo zorrotzagoa erakartzeko, Euskadira bisitan etortzen diren pertsonen zoriona ez ezik, Euskadin turismoaren sektorean aritzen diren langileen eta bertan bizi diren biztanleen onurarako. Finean, etorkizuneko ikuspegia duen turismoa:

 

 



Artikulu hau 2025eko udari dagokion MgE 58: «Turismoa bidegurutzean: dilema globalak eta tokiko erantzunak» dosierren parte da.

 
 
 
 
.
.Bibliografía

Agencia Vasca de Turismo (Basquetour). (2022). Estrategia Vasca de Turismo y Comercio 2030. https://www.euskadi.eus/contenidos/plan_gubernamental/16_planest_xiileg/es_def/adjuntos/Plan-estrategico-de-turismo-y-comercio-2030-cas-.pdf

Agencia Vasca de Turismo (Basquetour). (2021). Código Ético de Turismo de Euskadi. https://euskadietikoa.eus/PDF/Codigo-Etico-Turismo-Euskadi.pdf

Agencia Vasca de Turismo (Basquetour). (2023). Guía del turista responsable | Euskadietikoa. https://euskadietikoa.eus/sector/guia-turista-responsable/

Agencia Vasca de Turismo (Basquetour). (2024). Campañas: Spot «Turista maitea» | Basquetour Learning. https://learning.basquetour.eus/es/tv/details/turista-maitea-castellano

Agencia Vasca de Turismo (Basquetour). (2025). Buscador de entidades. Registro de Ética Turística de Euskadi | Euskadietikoa. https://euskadietikoa.eus/buscador-entidades-codigo-etico-euskadi/

Fernández Alcantud, A., & García Moreno, B. (2020). Los destinos turísticos inteligentes: El pilar de la recuperación turística. Revista Ayana, (1). https://revistas.unlp.edu.ar/ayana/article/view/10827/9705

Fernández Alcantud, A., & García Moreno, B. (2023). El modelo destinos turísticos inteligentes (DTI): La apuesta por la sostenibilidad turística. Revista Economía Industrial, (426). https://www.mintur.gob.es/Publicaciones/Publicacionesperiodicas/EconomiaIndustrial/RevistaEconomiaIndustrial/426/GARCI%CC%81A%20MORENO%20Y%20FERNA%CC%81NDEZ%20ALCANTUD.pdf

Gobierno de España. (2021). Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia (PRTR). https://www.lamoncloa.gob.es/temas/fondos-recuperacion/Documents/30042021-Plan_Recuperacion_%20Transformacion_%20Resiliencia.pdf

Naciones Unidas Turismo. (2021). Notas metodológicas de la base de datos de estadísticas de turismo. OMT.

Naciones Unidas Turismo. (2018). Rumbo a 2030: Por un turismo más inteligente, competitivo y responsable. https://www.e-unwto.org/doi/epdf/10.18111/unwtoecd.2018.3.g51w645001604517

Red Española del Pacto Mundial de Naciones Unidas. (2019). Guía para un turismo sostenible: Retos y criterios para la evaluación del sector turístico ante la Agenda 2030. https://reds-sdsn.es/wp-content/uploads/2019/10/Gui%CC%81a-para-un-turismo-sostenible-REDS-RTI-web.pdf

Red Española del Pacto Mundial de Naciones Unidas & Organización Mundial del Turismo (OMT). (2016). El sector turístico y los Objetivos de Desarrollo Sostenible: Turismo responsable, un compromiso de todos. https://www.pactomundial.org/biblioteca/el-sector-turistico-y-los-objetivos-de-desarrollo-sostenible-turismo-responsable-un-compromiso-de-todos/

SEGITTUR. (2024). Manual de destinos turísticos inteligentes. https://link.springer.com/content/pdf/10.1007/978-3-031-60709-7.pdf

SEGITTUR. (2022a). Guía de las mejores prácticas en destinos turísticos inteligentes. https://www.segittur.es/wp-content/uploads/2022/04/Segittur_best-practices_ESP_2022_200422-OK.pdf

SEGITTUR. (2022b). Guía práctica para la aplicación de la economía circular en el sector turístico en España. https://www.segittur.es/wp-content/uploads/2022/05/Guia_Economia_Circular_sector_turismo.pdf

SEGITTUR. (2022c). Manual de economía circular para pymes turísticas. https://www.segittur.es/wp-content/uploads/2022/05/Manual-PYME.pdf

SEGITTUR. (2022d). Manual de economía circular para destinos turísticos. https://www.segittur.es/wp-content/uploads/2022/05/Manual-Economia_Circular-destinos.pdf

SEGITTUR. (2021). Reglamento de funcionamiento de la Red de Destinos Turísticos Inteligentes. https://www.destinosinteligentes.es/wp-content/uploads/2023/07/ReglamentoOrganosRedDTI_DEF_20230713.pdf

SEGITTUR. (2020). Informe innovación turística y especialización inteligente en España. https://www.segittur.es/wp-content/uploads/2021/03/Informe-Innovacion-Turistica-y-Especializacion-Inteligente-en-Espana.pdf

SEGITTUR. (2019). Informe sobre economía circular aplicada al turismo. https://www.segittur.es/wp-content/uploads/2019/09/Informe-sobre-economi%CC%81a-circular-aplicada-al-turismo-ok.pdf

SEGITTUR. (2015). Libro blanco de los destinos turísticos inteligentes: Construyendo el futuro. https://www.segittur.es/wp-content/uploads/2019/11/Libro-Blanco-Destinos-Tursticos-Inteligentes.pdf

Torres Delgado, A., López Palomeque, F., Vera Rebollo, J. F., & Ivars Baidal, J. A. (2022). Turismo, ¿fin de época? Universidad de Valencia.

World Economic Forum. (2024). Travel and Tourism Development Index 2024. https://www.weforum.org/publications/travel-tourism-development-index-2024/downloads-d72ace2079/

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.