Lanbide Heziketan egiten dugun lanaren helburua

<<<

Gure lanbide-heziketako lanaren xedea da lanbide-heziketako eredu bat eraikitzen laguntzea; horretan,hezkuntza-espazio formalek eta ez-formalek, modu sinergiko batean, ekonomia bidezko eta solidario baten teoria eta praxia uztartzen dituzte, LHko hezkuntza-komunitateak giza garapen iraunkorraren aldeko gaitasun, tresna eta ekintza-espazio eraldatzaileak bereganatu ditzan.

2013-2014 ikasturtetik, Mugarik gabeko Ekonomialariak “Giza garapen iraunkorrerako lanbide-heziketa” izeneko esku hartzeko ildoa ari gara gauzatzen, eta, horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntza izan dugu.

Epe luzerako harremana egin dugu irakasleekin, eta, horri esker, urteroko elkarlanaren bidez, ikasgeletan gure lana garatzeko eduki, espazio eta formatu egokienak identifikatu ahal izan ditugu.

Horiek horrela, urteotan, Enpresa eta Ekimen Ekintzailea modulurako eta Administrazioa eta Finantzak eta Merkataritza eta Marketina prestakuntza-zikloetarako zeharkako edukiak identifikatu ditugu. Haietan guztietan prestakuntza-saioak egin ditugu, hainbat gairi buruz: erantzukizun korporatiboa eta enpresa-komunikazioa, giza eskubideen, generoaren eta ingurumen-iraunkortasunaren ikuspuntutik; ekintzailetza eta ekonomia sozial eta solidarioa; finantza etikoak… “Jarri martxan, beste ekonomia baten alde: ekonomia sozial eta solidarioa” online ikastaroaren hiru edizio ere egin ditugu; horretan, parte-hartzaileek enpresa-proiektu bat sortu behar izaten dute taldean, eta gerora tutoretza jasotzeko aukera izan zuten, bai eta ekonomia sozial eta solidarioko erakundeetan praktikak egitekoa ere.

Irakasle laguntzaileekin lankidetzan, hainbat ikasgaitako ikasleek diseinatu beharreko jarduerak identifikatu ditugu; horrela, alde batetik, prestakuntza-kurrikulumean jasotako ikaskuntza-helburuak eta gaitasunak jarriko dituzte praktikan, eta, bestetik, MgEk planteatutako erronka bati egingo diote aurre

Metodologia horrekin, hainbat proiektu landu dira ikasgelan, Erronketan oinarritutako Lankidetza-Ikaskuntzari buruzko gida - Ekonomia Sozial eta Solidarioa lantzen LHn eta Unibertsitatean gidan topatu ditzakezuenak. Gureak oso baliabide soila, laburra eta praktikoa izateko asmoa du: Mugarik gabeko Ekonomilariok alor honetan dugun eskarmentutik abiatuta, helburua da LHko irakasleei orientaziolerro gutxi batzuk eskaintzea metodologia honen bitartez Ekonomia Sozial eta Solidarioa lantzeko ikasgelan. Gainera, 2014-2015 ikasturtetik, EHUko Irakasleen Prestakuntzako Masterreko ikasleak MgErekin elkarlanean ari dira, eta erronken metodologiaren bidez Lanbide-Heziketako ikastetxeetan Ekonomia Sozial eta Solidarioa lantzeko proposamen didaktikoak egin dituzte.

LHko ikastetxeekin egiten dugu lan, eta, aldi berean, harremanetan gaude Euskadiko Lanbide Heziketako erreferentziazko eragileekin, hala nola Tknika-rekin (LHri Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako EAEko zentroa), Ekonomia Sozial eta Solidarioaren ikuspegia txertatzeko enpresei eta enpresa-ekimenei laguntzeko Urratsbat eta Ikasenpresa programetan.

Giza Garapen Iraunkorrerako Lanbide-Heziketa Lanbide Heziketan egiten dugun lanaren helburua