Aurten ere EGOKiTU (Euskal Gazteen OrientazioraKo Ikastaroa.Talentoa Unibertsitatean) programan parte hartzera gonbidatu gaituzte. Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatutako jarduera da, ikasle gazteak modu ludikoan unibertsitatera hurbiltzeko helburua duena.

Donostiako Ekonomia eta Enpresa Fakultatearen esparruan bi saio egin genituen 2024ko ekainean. Lehenengoan, fakultatean bertan, egungo sistema ekonomikoaz eta horrek gizartean eta ingurumenean dituen eraginez hausnartu genuen gazteekin, Mentimeter plataformarekin egindako dinamika praktiko baten bidez. Gainera, Ekonomia Sozial eta Solidarioaren kontzeptua sartu genuen eta sektoreko enpresen adibide batzuk azaldu genituen.
Bigarren saioa Ekonomia Sozial eta Solidarioaren paseoa deitu genion fakultatetik kanpoko jarduera bat izan zen, DBHko eta Batxilergoko ikasleek Ekonomia Sozial eta Solidarioaren esperientziak gertutik ezagutzeko aukera izan zezaten. Horretarako, Teila Fabrikara hurbildu ginen, Egia auzoko coworking sozial bat, ekonomia alternatibo eta eraldatzailearen ekosistemaren barruan dauden enpresa-ekimen eta erakunde sozial ugari biltzen dituena.

Lehenik eta behin, coworkingean ibili ginen gazteekin, espazio horretan elkarrekin lan egiten duten proiektuak labur azalduz. Gero, Nagorek, Teila Fabrikako lankideak, azaldu zigun nola sortu zen Teila Fabrikaren proiektua, zeintzuk diren bere balioak eta auzoan duen eragina. Ondoren, Mugarik gabeko Ekonomilariak-eko lantaldeko Ernestok dinamika parte-hartzailea egin zuen, ekonomiak gure bizitzetan dituen eraginei eta enpresek gizartean duten rolari buruz hausnartzeko.
Jardueraren bigarren zatian, Ane eta Maitane etorri ziren Saretuzetik, Donostiako Kontsumo Arduratsu eta Eraldatzaileko Sareatik, kontsumo arduratsuarekin lotutako 100 saltoki eta erakunde baino gehiago biltzen dituena, sarearen inguruan hitz egitera. Ondoren, dinamika bat egin zen gure
gizartearen premia indibidual eta kolektiboei buruz hausnartzeko: Ba al dugu premia komunik gure gizartean? Aldatu al daitezke premia horiek jaio zaren lekuaren eta zure klase sozialaren arabera? Ikasleek gogoeta egin ahal izan zuten gai horiei buruz, pentsamendu kritikoaren eta gure ingurunearekiko enpatiaren bidez.
Beste behin ere eskerrak eman nahi dizkiogu UPV/EHUri,
ekonomia gazteenengana hurbiltzeko gune honetara gonbidatzeagatik eta jarduera horien bidez espiritu kritikoa sustatzeko aukera izateagatik.



