2030 Agenda eta Garapen Iraunkorreko Helburuak lantzen unibertsitatean

Egileak: Iker García eta Aroa Lopez

Pasaden apirilaren 16an, UPV-EHUko Donostiako Ekonomia eta Enpresa fakultatean 2030 Agenda eta Garapen Iraunkorreko Helburuak (GIH) lantzeko role play dinamika bat aurrera eraman genuen Mugarik gabeko Ekonomilariok. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzaren graduko bigarren mailako ikasleek hartu zuten parte ekintza honetan, talde desberdinetan banaturik.

Tailer bakoitzean, lehenik eta behin 2030 Agenda eta GIHen azalpen labur bat eman zen, agenda honen aurrerapausuetaz hitz egiten baina baita ere agerian jartzen zein ahulgune dituen, hala nola: agenda binkulantea ez izatea, GIHen artean sortzen diren inkoherentziak, GIHwashing-a edo lokal-global perspektibaren falta. Ikasleentzako oroigarri gisa balio izan zuen, GIHak birpasatzeko eta ikuspegi kritikoa sustatzeko dinamikari begira.

Behin teoria azalduta dinamikari ekin genion. Lehenik eta behin dinamikaren problematikaren azalpena egin zen: luxuzko konpleju hotelero bat sortu nahi da Antzora auzoan, Urdaibaiko erreserba naturalaren barruan. Eraikuntza honek gertuko udalerriak urez hornitzen dituzten zenbait akuiferotan eragin dezake eta, gainera, SPAren inpaktuak itsasadarraren ertzean hareatza hurbilenak uki ditzake. Hau kontuan hartuta, dinamikaren helburua aktore afektatuen artean (hotelaren sustatzaileak, antzora auzoko bizilagunen elkartea, inguruko udalerrietako alkateak eta elkarte ekologistak) adostasun batera iristea zen eta horretarako bakoitzak bere argudioak eman behar izan zituen, zein GIH sustatu nahi zituzten azalduz.

Klaseak 6 pertsonako taldetan banatu ziren eta talde horietako kide bakoitzak rol desberdin bat bete zuen. Talde bakoitza 20 minutuko denbora tartean adostasun batera iristen saiatu zen eta ondoren gainerako ikaskideei azaldu behar izan zieten zein izan zen beraien azkeneko erantzuna eta negoziazioan izandako arazo edota desberdintasunei nola egin zieten aurre.

 

Talde batetik bestera erantzunak oso desberdinak izan ziren. Rolen arteko botere desberdintasuna agerian geratu zen eta batzuek botere hori erabili zuten beraien interesak defendatzeko, ondorioz, gainontzeko rolek euren baldintzak onartu behar izan zituztelarik. Honako kasuetan hotel-guneko sustatzaileak inguruko udalerrietako alkateei dirua eskaini zien beraien proposamena onartzeko. Bi rol hauek zonaldera enplegua ekarriko zutela eta ekonomikoki berpiztuko zutela argudiatzen zuten. Nahiz eta alderdi ekologista ados ez egon gainerakoek kasurik egin ez eta eraikuntza aurrera eraman zuten. Errealitatearen islada izan daitekela esan dezakegu, horrelako berriak ez baitira urruti geratzen.

Gainontzeko talde asko hotela eraikitzeko akordiora iritsi ziren baina sustatzaileei baldintza batzuk ipiniz, hala nola energia berriztagarriak erabiltzea, bertako bizilagunei lana eskaintzea edota hotela eskala txikiago batean egitea.

Beste talde batzuen kasua kontrakoa izan zen; ez ziren adostasunetara iritsi alderdi ekologista eta bizilagunak elkartu egin baitziren eta alkateei presioa egin zieten akordioa ez onartzeko, hurrengo hauteskundeetan bere alkatetza onartuko ez zutela mehatxatuz. Hausnarketa hau oso aipagarria iruditzen zaigu, aktore klabeekin elkartuz gero mobilizazio zibilak duen indarraren garrantzia azaleratzen baitu.

Azkenik, bitarteko akordio batera iritsi ziren taldeak egon ziren. Oso aipagarria da talde batek aktore guztien interesak batzeko gai izan zela, irabazi-irabazi akordio batera iritsiz. Hauek proposatu zutena luxuzko hotel erraldoia egin ordez zuhaitz etxe batzuk egitea izan zen. Alde batetik, horrelako hotelak modan daudelako eta, bestetik, Euskal Herriko kulturarekin bat egiten dutelako. Modu honetan, hoteleko sustatzaileek negozio berri bat aurrera eramatea lortzen zuten, inguruko biztanleria ez zen turista mordoengatik hain kalteturik aterako eta hotel mota hauek ingurumenarekin hain kaltegarriak ez direnez alderdi ekologistak ez zuen ezetzik eman.

 

Hauek izan dira orokorrean atera ziren ondoriorik argienak. Hala ere, dinamikan zehar kontran jarri ziren bi alderdi nagusiak ekonomia eta iraunkortasunaren inguruan dabiltzan argudioak izan ziren, baina desberdintasun horri aurre egiteko talde bakoitzak hartu behar izan zituen erabakiak oso desberdinak izan ziren. Batzuetan ekonomia eta enplegua sustatzeak irabazi zuen, baina beste batzuetan iraunkortasuna eta ingurumena errespetatzea izan ziren garaile. Guzti honekin azaleratu nahi da unibertsitateko geletan hartutako erabakiak askotan errealitatearen islada izaten direla eta etorkizuneko langileen pentsamendu kritikoa landu nahi bada bertatik hasi behar dugula.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.