15 abril, 2025
Euskadi

Nola ikusten ditugu 2030 Agenda eta GJHak?

Ziur 2030 Agendaren eta Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) berri izan duzula. Baina, egia esan, batzuetan urrutiko zerbaiten itxura dute, teknikoa, eta, zertarako engainatu, aspergarri samarra. Ez zaude errealitatetik urrun

Mugarik gabeko Ekonomialariak-eko bolondres taldekideok, guzti honek gure egunerokotasunean eragiten digula uste dugu: lana, hezkuntza, desberdintasun soziala, jasangarritasuna… Azken batean, ekonomia errentagarria ez ezik, bidezkoa eta solidarioa ere izan dadin. 

Gure ikuspegia: kritikoa, baina gauzak aldatzeko gogoz 

Ez gara konformatzen 2030 Agendaren diskurtso polita errepikatzearekin. Gauza onak ikustea gustatzen zaigu, baina funtzionatzen ez duten gauzak adieraztea ere bai. Gure ustez, ez da nahikoa iraunkorrak izan behar dugula edo pobrezia desagerraraztea esatea, gero betiko errezeta berdinarekin jarraitzen badugu. 

Genero-berdintasuna eta kultura aniztasuna erdigunean jarriko dituen begiradaren alde egiten dugu, hau da, inor atzean utziko ez duen eta desberdintasunak errotik zalantzan jarriko dituen begiradaren alde. 

Hezkuntza aldaketaren motor gisa (4. GJHa)

Zerbait argi badugu, hezkuntzarik gabe eraldaketa ezinezkoa dela da. Horregatik, MgEn ikasleekin, irakasleekin eta herritarrekin lan egiten dugu pentsamendu kritikoa sortzeko. Ikerketak eta argitalpenak egiten ditugu, eta tailerrak, hitzaldiak eta zine-foroak ere antolatzen ditugu, jende gehiagok uler dezan sistema ekonomikoak nola funtzionatzen duen eta zer alternatiba ditugun. Badaudelako gauzak egiteko beste modu batzuk. 

Badaude funtzionatzen duten alternatibak (3. GJHa, 4. GJHa, 5. GJHa, 16. GJHa) 

Asko hitz egiten dugu Ekonomia Sozial eta Solidarioaz (ESS) eta Ekonomia Feministaz, baina zer esan nahi du horrek praktikan? 

Funtsean, “erabili eta bota” pentsamoldearen ordez lankidetza eta iraunkortasuna erabiltzea. Emaitza ekonomikoen kontua ez ezik, gizartean eta ingurumenean duten eragina ere begiratzen duten negozioak sortzeko gogoa duten ekintzaileei laguntzen diegu. Kalitatezko hezkuntzaren eta osasun unibertsalaren gaietan eragin politikoa eta sentsibilizazio jarduerak egiten ditugu. Gainera, erakundeekin eta organismoekin lan egiten dugu, GJHekiko jardueren koherentzia politikoa egon dadin. 

Ekonomia feminista bultzatzen (1. GJH, 2. GJH, 8. GJH, 10. GJH) 

Egungo eredu ekonomikoak ikusezin bihurtu ditu gizarteko pertsona asko, bereziki emakumeak eta kolektibo ahulenak. MgEk Ekonomia Feministaren aldeko apustua egiten dugu, non emakumeentzako finantza hezkuntza sustatzen dugun, ekonomian eta bizitzako arlo guztietan egiten dituzten ekarpenak ikusarazteko zein genero berdintasunaren alde borrokatzen duten elkarteekin sarean lan egiteko. Izan ere, gizarte justu batean inor ez da atzean geratzen

Ingurumen jasangarritasuna: ez da luxu bat, premia bat baizik (11. GJHa, 12. GJHa, 13. GJHa) 

Ez gara aspertzen esaten: ez dago bigarren planetarik. Pertsona gehiagok aldaketarekin bat egin dezaten lan egiten dugu, kontsumo arduratsuaren ohituretatik hasi eta ingurumenaren aldeko tokiko politiketan parte hartzeraino. Gure herri eta hiria iraunkortasunaren eredu izatea nahi dugu, eta hori gure egunerokotasunean hartzen ditugun erabakiekin hasten da.

Izan zaitez aldaketaren parte 

Honaino iritsi bazara, badakizu zer egiten dugun. Halere, hau ez da gure kontua bakarrik, zu ere behar zaitugu! Gure jardueretara etortzera gonbidatuta zaude, gurekin trebatu edo, besterik gabe, gure ekimenak zure jendearekin partekatu. Keinu txiki bakoitzak balore handia du.