Mujeres que replantean la economía
Ekonomia birplanteatzen duten emakumeak

es

LAURA DENARDIS

Laura DeNardis New Haven hirian (Connecticut) jaio zen, 1966an. Ikertzaile estatubatuarrak Interneten gobernantza eta azpiegitura teknikoa ikertzen ditu. Informazioaren teknologien ingeniaritzako prestakuntza eta Zientzia eta Teknologia Ikasketetako doktoretza dituela, Interneten gobernantzaren eta arkitektura teknikoaren gizarte- eta politika-ondorioak ditugu haren ikerketa-ildo nagusia. American University-ko Komunikazio Fakultateko irakasle titularra eta bitarteko dekanoa da. Yale Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko Informazioaren Gizartea Proiektuko kide ere bada, eta egitasmo horren zuzendari exekutiboa izan zen 2008tik 2011ra. Aurretik, Nazioarteko Gobernantzaren Berrikuntzarako Zentroko (CIGI, Centre for International Governance Innovation) kide nagusia eta Interneteko Gobernantzari buruzko Batzorde Globaleko ikerketa-zuzendaria izan zen.

Ameriketako Estatu Batuetan, Estatu Departamentuko Komunikazioen eta Informazioaren Nazioarteko Politikari buruzko Aholku Batzordeko kide izendatu zuten Obamaren Administrazioan.

  • 2015 Laura DeNardis Washingtongo (DC) Cosmos Clubeko kide hautatu zuten.
  • 2020 Wired UK 2 aldizkariak “etorkizun hobea eraikitzen ari diren 32 berritzaile globalen” zerrendan jaso zuen DeNardis

INTERNET EN CADA COSA – LIBERTAD, SEGURIDAD Y PRIVACIDAD EN LA ERA DE LOS OBJETOS HIPERCONECTADOS

Bere azken liburuaren izenburuak (“Internet gauza bakoitzean – askatasuna, segurtasuna eta pribatutasuna objektu hiperkonektatuen aroan”) berehalakoan lotzen gaitu DeNardis kezkatzen duten gaiekin. DeNardisen ikerketa-ildoa Gauzen Internet (IoT) deritzonaren hedapenak dakartzan erronka politiko eta sozialetan datza. IoT-z ari garenean, adimendunak diren eguneroko objektuez pentsatzen dugu. Baina objektu horietatik harago, ingurune ziberfisikoek gobernu nazionalen eta tokiko gobernuen bidez ere funtzionatzen dute (garraioa, trafikoa, zerbitzu publikoak…), eta industria-sektoreen azpian dauden azpiegitura masiboetan ere badaude. Gainera, sistema biologikoak objektu digitalen atal dira (janzteko teknologiak, identifikazio biometrikoko gailuak, zaintza medikoko sistema digitalak…).

IoT-ren ondorioen norainokoa ulertzeko, liburuaren hasieratik bertatik, egileak behin eta berriz adierazi digu Internet eguneroko bizitzaren atzealdeko oihal ikusezina bihurtzen ari dela, adibideak emanda, eta eraldaketa digitalaren modu berri horrek beti konektatuta, zaintzapean eta segurtasun, pribatutasun eta diskriminazio arrisku izugarrien eraginpean egotera garamatzala ulertarazi nahi digu: “zaintzaren azalera nongurakoa da, linean eta lineaz kanpo, jendaurrean nahiz aldez aurretik isolatu diren ingurune pribatuetan”.

Horregatik, idazleak berak hasieratik argitu duenez, liburu hau ingeniaritzaren eta teknologiaren ikerketa zientifikoen ildotik idatzi da: kontzeptuzko abiapuntua da teknologien diseinua eta administrazioa kontrolatzen dutenek (teknologia digitala mundu materialean baliatzearen oinarrian dagoen arkitektura teknikoa, IoT) botere-egiturak osatzen dituztela. Beste irakasle bat (S. Leigh Star) aipatuta –azkenak maila eskuraezinean murgiltzeko eskatzen digu, “sistemen diseinuak berezkoak dituen dramak argitara ateratzeko”), ikertzailearen helburua, besteak beste, sistema ziberfisikoen atzean dagoen osagai arkitektonikoa ikusaraztea da, gobernantza publikoko proposamenak garatzeko. Proposamen horiek, ezinbestean, sektore pribatuko tokiko eta planetako eragile ugariak barruratu behar dituzte. Sistema ziberfisikoen azterketa zehatza eta horien ondorioei buruzko adibide ugari eskainiz, diseinatzen ari den mundu digitalean giza eskubideen etorkizunaz arduratzen direnak sentsibilizatzea xede du egileak. DeNardisek dio sare digital hutsak izatetik mundu fisikoan zuzenean txertatzera igarotzen diren heinean, pribatutasuna eta segurtasuna lehentasun bihurtu behar direla. Badirudi hala dela, erakunde publikoek eta pribatuek pribatutasuna eta zibersegurtasuna nabarmentzen dituztelako, Europar Batasunean behintzat. Egia da Europar Batasunak arreta berezia jartzen duela gai horietan, baina idazleak erakutsi nahi du gai horiei buruzko erabakiak eraginkorrak izan daitezen, lehenik eta behin, honako hauek aitortu behar direla:

  • Pribatutasuna gizarte-arazoa da, egiturazko konponbidea eskatzen duena, ez soilik juridikoa, alderdi interesdun guztiei maila globalean eragiten diena.
  • Gizartearen sistema kritiko guztien zibermendekotasunak arrisku handiko sistemen mailan kokatzen du Internet. Teknologia digitalak ez dira inoiz ehuneko ehunean seguruak izango. Zenbat eta interkonektatuago egon, planetako edozein lekutan zerbitzu bat gaizki funtzionatzeak edo eteteak ondorio guztiz hondagarriak izan ditzake, eta egungo testuinguruan oso zaila edo ezinezkoa izango litzateke erantzuleak identifikatzea.

DeNardis frogatzen ahalegintzen da “arau teknikoak ez direla zehaztapen tekniko hutsak: haien diseinu-ezaugarriak direla eta, segurtasun nazionalaren, giza eskubideen eta demokraziaren inguruko politika publikoa ezartzen dute”.

Arau teknikoak ez dira zehaztapen tekniko hutsak: diseinuaren ezaugarriekin, segurtasun nazionalari, giza eskubideei eta demokraziari buruzko politika publikoa ezartzen dute.

LAURA DENARDIS

Diskriminazio-praktika asko sartzen dira diseinu teknologikoan, eta, horren ondorioz, mundu errealaren egoera mundu birtualera aldatzen da.

LAURA DENARDIS
  • 2007. Information Technology in Theory. Thompson
  • 2009. Protocol Politics: The Globalization of Internet Governance. MIT Press.
  • 2011. Opening Standards: The Global Politics of Interoperability. MIT Press.
  • 2014. The Global War for Internet Governance. Yale University Press.
  • 2016. The Turn to infrastructure in Internet Governance. Palsgrave.
  • 2020. Researching Internet Governance: Methods, Frameworks, Futures. MIT Press.
  • 2020. The Internet in Everything. Yale University Press.

Idazleak berak ohartarazi digu liburua “ingeniaritzaren eta teknologiaren ikerketa zientifikoen ikuspegitik” idatzi dela. Hala eta guztiz ere, nire ustez, gai tekniko konplexuetan sakontzeko ahaleginaren eta dagokion esparru zientifikotik kanpo zabaltzeko borondatearen artean dago. Guztiaz ere, uste dut DeNardisek ahalegin handia egin duela hausnarketarako tresnak ematen, eta emandako adibide ugariak gauza direla sistema ziberfisikoetan adituak ez direnak ere sentsibilizatzeko.

Idazleak “mundu digitalaren” gobernantzaren erronka proposatzen digu liburuan, egiten ari diren eraldaketek ondorio sozial, ekonomiko eta politiko garrantzitsuak dituztelako. Horrek zera iradokitzen du: garapen teknologikoaren egungo ezaugarriek beharrezko egiten ote duten, are gehiago, nahitaezko egiten duten, politika eraginkorrak gauzatzeko diziplina anitzeko ikuspegia garatzea.

Egileak jorratzen duen gai ugarietako bat Interneten zabalkundeak etxeko indarkerian daukan eragina da, eta, nire ustez, azaltzen duena pizgarri handia izan beharko litzateke gai teknologikoetan sakontzen ahalegintzeko. DeNardisek azaltzen digunez, “Diskriminazio- jardunbide asko diseinu teknologikoan txertatzen dira, ondorio legez: mundu errealaren egoera mundu birtualera eramaten da, alegia. Etxe batean, beste pertsona baten izenean erregistratutako gailu bat badago −eta kasu gehienetan, gailuak gizonen izenean daude− zailagoa da itzaltzea edo desaktibatzea. Etxeko indarkeriaren kasuan, urruntze-aginduak ematea ez da hain erabilgarria, baldin eta pertsona horiek etxeko sarraila konektatuak urrunetik desblokeatzeko modua izaten jarraitzen badute, barruan bizi direnak segurtasunik gabe sentiarazita, edo bikotekide ohia etengabe zainduz eta kontrolatuz, haren intimitatea larriki urratuz”. Egingarria da objektu horiek guztiak gure etxeetan sar daitezen saihestea, konektatuta daudela eta jazarpena egiteko erabil daitezkeela jakinda?

MARIA ALEJANDRA GUGLIELMETTI ALVAREZ – ECONOMISTAS SIN FRONTERAS