CRISTINA CARRASCO

Cristina Carrasco 1956. urtean Txilen jaio zen. Ekonomialaria eta doktorea da, eta Bartzelonako Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean Ekonomia arloko irakasle-lanetan dihardu.
Horrez gain, Kataluniako Unibertsitateek eratutako Emakumeen eta Generoaren Unibertsitate arteko Institutuko kidea da, baita International Association for Feminist Economics (IAFFE) erakundekoa ere. Asociación de Economía Crítica (AEC) elkarteko zuzendaritza-batzarrean dago, eta horren aldizkariko erredakzio-kontseilukoa da. Halaber, beste batzuekin batera, Valladolidko Ekonomia Kritikoari buruzko Jardunaldiak sortu ditu.
Bere ikerketa-ildoa Ekonomia Feministan oinarritzen da, eta, besteak beste, aztergai ditu etxeko lanak, zaintzak, emakumeen lana, bizitzaren iraunkortasuna eta androzentrikoak ez diren adierazleak.
- 2006 President Macià domina
- 2004 “Emakumeak eta Generoa Aztertzean Berrikuntza Zientifikoari” María Ángeles Durán lehen saria “Trabajo con mirada de mujer. Propuesta de una encuesta de población activa no androcéntrica” liburuarengatik. Egileak: Cristina Carrasco, Maribel Mayordomo, Marius Domínguez eta Anna Alabart.
CON VOZ PROPIA: LA ECONOMÍA FEMINISTA COMO APUESTA TEÓRICA Y POLÍTICA
«Con voz propia» (2014) argitalpenean dagoen artikulu batean Cristina Carrascok ondorioztatutakoarekin bat, ekonomia feministak merkatuko mugak hautsi nahi ditu, etxeetan, diru-ordainik gabe, egindako lan guztia ekonomiaren zati izateko. Baina ez da lana gehitu nahi aldagai bat izango balitz bezala, ezta bi lanak harreman hierarkikorik gabe ekonomian sartu ere. Etxeko lanak eta zaintza-lanak erdian jarri nahi dira, zuzenean pertsonak zaintzeko direlako
Ildo horri eutsiz, ekonomia feministaren lehen ideia planteatzen da, hain zuzen, diruz ordaintzen ez diren arloak ekonomia-zirkuituetan sartuta, ekonomiaren mugak zabaltzen dituena. Hemendik sortzen da “Lanaren zirkuitua” deritzana: lan-prozesu honek kontuan hartzen ditu merkataritza-lana eta etxeko lana, eta biak beharrezkoak dira, oro har, bizitza eta, bereziki, lanaren indarra erreproduzitzeko. Izan ere, bi lanak estuki lotuta daude, eta elkarren arteko mendekotasuna dute. Ekonomiaren ikuspegitik, etxeko lan eta zaintza-lanei esker, ekoizpen kapitalistaren prozesuek aurrera egiteko lanaren indarra erreproduzitzen da.
Bestalde, hitz egiten du sistema kapitalista patriarkalean dagoen tentsioaz. Horretan, kapital-logikaren eta bizi-logikaren arteko gatazka nabarmena da.
Definizioz, gizarte kapitalista patriarkalek irabaziaren aldeko apustua egiten dute. Horren emaitza gisa, bizitza “doikuntza- aldagai” bihurtzen da, eta merkatuko baldintzetara egokitu beharko du. Egoera horren aurrean, ekonomia feminista hauslea da, erabateko aldaketa baitakar. Hala, denborak eta lanak (merkataritzakoa eta zaintzena) berrantolatu behar dira, ezinbestekoa da eguneroko bizia aldatzea, eta kontsumo- nahiz ekoizpen-egitura berria antolatzea ere gai, balioak aldatzearekin batera.
Guztiok behar dugu zaintzea. Eta zaintzea guztion zeregina bada, erantzukizun sozial eta politikoko gai izan beharko luke.
CRISTINA CARRASCO- 2006. La economía feminista: una apuesta por otra economía.
- 2009. Mujeres, sostenibilidad y deuda social. Revista de educación, (1), 169-191.
- 2011. La economía del cuidado: planteamiento actual y desafíos pendientes. Revista de Economía Crítica, nº11, primer semestre 2011, ISSN: 2013-5254.
- 2012. El cuidado como eje vertebrador de una nueva economía. Cuadernos de Relaciones Laborales. Vol. 31, Núm. 1 (2013) 39-56.
- 2014. Con voz propia. La economía feminista como apuesta teórica y política.
- 2014. Economía, trabajos y sostenibilidad de la vida. Sostenibilidad de la vida, 28.
- 2016. Sostenibilidad de la vida y ceguera patriarcal. Una reflexión necesaria. ATLÁNTICAS – Revista Internacional de Estudios Feministas, 2016, 1, 1, 34-57.
«Con voz propia: La economía feminista como apuesta teórica y política” liburuak zenbait artikulu ditu bilduta, eta hausnarketa egiten du egungo sistema ekonomikoari eta horretan zaintzen lanak duen zereginari buruz.
Oraingo gizartean, tamalez, emakumeek etxeetan egindako lana ezkutukoa da, eta ez da sistema ekonomikoaren barruan funtsezkotzat jotzen. Hala eta guztiz ere, argi dago lan honi esker, besteak beste, hazi eta gizarteratu gaitezkeela, mintzaira eta balio zehatzak erakusten dizkigula eta bizitzeko behar emozionalak estaltzen dituela. Izan ere, liburuan aipatzen den bezala, gizakiak garen neurrian kalteberak gara, eta, hain zuzen, horregatik gainerakoek zaintzea behar dugu. Beraz, testuinguru horretan ulergarria da bizi-iraunkortasunerako etxeko lana nahitaezkoa eta funtsezkoa izatea.
Ezkutuan dagoelako, emakumeok neurriz kanpoko zama hartzen dugu gure gainean bizi- kalteberatasunaren ondoriozko beharrak ebazteko, gizarte guztiaren erantzukizuntzat ez baitira jotzen, hala izatea behar balu ere.
Hori argi ikus dezakegu egindako gizarte-estatistiketan eta erabilitako adierazleen sistemetan. Nolanahi ere, horiek ez dira neutroak eta ez dute etxeko lanaren informazioa aldagai ekonomiko gisa kontuan hartzeko jasotzen. Adibidez, Biztanleria Aktiboaren Inkesta (BAI) da itzal handiko bat politika ekonomikoa egiteko orduan, eta urteko 365 egunak oso-osorik etxeko lanetan eta zaintza-lanetan ematen dituzten emakumeak lanik gabeko biztanleria dira. Hori ia iraingarria da. Horren aurka, egileak proposatzen du Biztanleria Aktibo Ez Androzentrikoaren Inkesta. Horren bidez, pertsona aktiboa da edozein lan-mota, ordainduta edo ordain gabea, egiten duena. Ikuspegi horretatik, beste faktore askoren artean, pertsonak ugaldu eta ongizatea izateko lan- eskeak azter litezke. Liburu honetan halako proposamena aurkituko dugu. Beraz, gomendatzen diot ekonomia feminista nondik sortu eta zertan oinarritzen den ezagutzen hasi nahi duen edozeini.
MAIDER TORRE MASA – ECONOMISTAS SIN FRONTERAS