SHOSHANA ZUBOFF

Shoshana Zuboff, estatubatuar akademiko eta idazlea, 1951ko azaroaren 18an jaio zen. Harvardeko Unibertsitateko psikologia sozialeko doktorea eta Chicagoko Unibertsitatean filosofian lizentziatua. 1981ean Harvard Business Schoolen sartu zen, eta fakultateko lehen emakume titularretako bat izan zen. 2014an eta 2015ean, Harvardeko Zuzenbide Fakultateko Interneterako eta Gizarterako Berkman Zentroko irakasle izan zen.

Aro digitalean kapitalismo modu berri baten bilakaerarekin lotutako gaietan nazioartean ikertzaile gisa duen ospea bere azken liburuak berresten du: “La era del capitalismo de la vigilancia: La lucha por un futuro humano frente a las nuevas fronteras del poder” (2019) lanak, hain zuzen. Hala ere, 80ko hamarkadan hasi zen gai horiei buruzko bere lana, lehen liburu honekin: “En la era de la máquina inteligente: el futuro del trabajo y el poder”, 1988an argitaratua

  • 2019 Alex Springer sariaren irabazlea
  • 2019 Bere liburua (“La era del capitalismo de la vigilancia: la lucha por un futuro humano frente a las nuevas fronteras del poder”) urteko libururik onenen artean aintzatetsi zuten
  • 2021 Amsterdamgo Unibertsitateak (UvA) ohorezko doktoretza eman zion, konglomeratu teknologikoen botereari eta sartu duten «zaintza-kapitalismoaren» sistemaren ondorio sozioekonomikoei buruzko ikerketan egindako ekarpen berritzaileagatik.

LA ERA DEL CAPITALISMO DE LA VIGILANCIA: LA LUCHA POR UN FUTURO HUMANO FRENTE A LAS NUEVAS FRONTERAS DEL PODER

900 orrialde baino gehiagoko liburu honek aurrekaririk ez duen fenomeno baten azterketarako kontzeptu berriak proposatzen ditu; beraz, haren ideia nagusien sintesia egitea murriztailea litzateke. Horregatik, obraren egitura proposatu besterik ez dugu egingo, egileak berak irakurketaren gako gisa adierazten duena aipatuz. Liburu hau arretaz irakurtzera gonbidatzen zaituztet, bibliografian proposatzen ditugun aipamen ugarietako batzuetara joz.

Liburuak hiru zati eta ondorio bat du. Azken hori funtsezkoa da; izan ere, egileari funtsezko gai bat planteatzeko eta jorratzeko aukera ematen dio, zaintza-kapitalismoaren aroa gelditzeko jarduteko beharrari buruzko jarrera irmoa hartzera eramaten duena. Ikus dezagun orain liburuak zer egitura duen. Lehenengo zatiak “zaintza-kapitalismoaren oinarriak, jatorria eta lehen elaborazioak” jorratzen ditu, Googleren ibilbidea xehetasunez aztertuz. Bigarren zatian, egileak aztertzen du nola eta zergatik, gure datuak/esperientzia (logika berriaren lehengaia) atera eta landuz, zaintza-kapitalismoak mundu erreala (hau da, gure eguneroko bizitza) inbaditzen duen eta iragarpenaren muga berrietarantz eboluzionatzen duen, gure askatasuna (eta, hartara, “etorkizuneko denborarako gure oinarrizko eskubidea”) beti gehiago mehatxatuz. Horretarako, besteak beste, Google eta Facebooken ibilbideak aztertzen ditu. Hirugarren zatian, Zuboffek “botere instrumentala” kontzeptu berria sartu eta garatzen du; hala, oinarriak jartzen ditu mundu erreala inbaditu nahi zuen metatze-logikaren bilakaera ulertzeko (mundu osoa —ez bakarrik norbanakoak, baizik eta gizarte osoa— kontrolatu nahi duen logikaranzko bilakaera ulertzeko): “zaintza-kapitalismoak giza lurraldeak, lurralde sozialak eta lurralde politikoak menderatzea eskatzen du, enpresa pribatuaren edo merkatuaren ohiko eremu instituzionaletik askoz haratago doazenak”. Ondorioan, bere obran garatutako kontzeptuei esker, funtsezko galdera bati aurre egiten dio: zaintza-kapitalismoa «kapitalismoa» besterik ez al da?

Egileak berak liburuaren hainbat puntutan ohartarazten digunez, garrantzitsua da kontuan hartzea bere azterketa metatze- logika berri bat eta haren eragiketak taxutzean oinarritzen dela; ez enpresa bat edo bertako teknologiak taxutzean. Eta, horretarako, Google, Facebook eta Microsoften ibilbideak aztertzen ditu nagusiki; izan ere, “Petriren plaka gisa ikusten ditu; horietan zaintza-kapitalismoaren DNA hobekien aztertzen da”. Eta azken hori ez da teknologia, baina bai “ingurune digitaletik kanpo imajinaezina den merkatu-mota”. Ekonomia digitaleko erraldoien eskuetan urte gutxiren buruan etekin izugarriak metatzea ekarri du “merkatu mota” horrek, eredu ekonomiko neoliberalak emandako lur emankorrari esker. Egilea ahalegintzen da, halaber, frogatzen kapitalista guztiak ez direla zaintza-kapitalistak. Baina azken horiek, argi eta garbi, arrasto berri bat markatzen dute, berezitasun batekin: gutxi dira egin dezaketenak; eta botere-pilaketaren muturreko egoera bat zehazten dute.

Dena den, zaintza-kapitalistak ez dira beste kapitalistengandik bereizten edozein murrizketa-motaren (legeak eta erregelamenduak) askatasuna eskatzeko orduan; baina haien arteko lehia-borrokak osotasunarekiko konpultsioa eragiten du: “zaintza-kapitalismoa mugarik gabeko modu bat da; eta ez ditu aintzat hartzen merkatuaren eta gizartearen, merkatuaren eta munduaren edo merkatuaren eta pertsonaren arteko antzinako bereizketak”. Gure portaerak eraldatzeko bitarteko berri eta konplexu (eta ilun) baten bidez, kapitalista horiek diru-sarrera bermatuen ziurtasuna eta promesa lortu nahi dute.

Kapitalismo mota horren inbasio-abiadura eta nonahikotasuna gorabehera, egileak baztertu egiten du digitalizazioa ustiatzeko modu horren saihestezintasuna eta kolosoek ezartzen diguten zaintza-ereduaren garaiezintasuna, askotan inteligentzia- zerbitzuekin eta unean uneko politikariekin isilean adostuta, demokraziaren oinarriak ere ahulduz.

Zainketaren kapitalismoa
«kapitalismoa» besterik ez al da?

SHOSHANA ZUBOFF

¿Es el capitalismo de vigilancia
simplemente «capitalismo»?

SHOSHANA ZUBOFF
  • 1988. The age of the start machine: the future of work and power.
  • 2002. The support economy: why corporations are failing and the next episode of capitalism. Coautora con James Maxmin.
  • 2010. Creating Value in the Age of Distributed Capitalism. McKinsey Quarterly, no. 4: 45–55.
  • 2011. Repensar la pobreza: un giro radical en la lucha contra la desigualdad global.
  • 2015. Big Other: Surveillance Capitalism and the Prospects of an Information Civilization. Journal of Information Technology 30, no. 1 (March 2015): 75–89.
  • 2015. Disruption’s Tragic Flaw. Frankfurter Allgemeine Zeitung (March 23, 2015).
  • 2019. The age of surveillance capitalism: the figtht for a human future at the new frontier of power

Erreseina honetan ez dut aipatu egileak liburuan zehar garatzen duen zaintza-kapitalismoaren definizioa. Ez dut aipatu, nire ustez, obraren azterketa kritiko batek bakarrik jar gaitzakeelako proposatutako definizioa bere alderdi desberdinetan ulertzeko moduan. Bestela, etengabe garatzen ari den fenomeno bat ikertzen jarraitzera bultzatzen ez duten ondorio azkarretara iristeko arriskua dago, edo irakurlea presaka «falta den hori» nabaritzera eramatekoa, kontuan hartu gabe egileak proposatutako azterketaren irismena nahitaez «mugatua» dela.

Psikologo soziala eta filosofoa da; eta liburu honetan, bere metodoek “teoria, historia, filosofia eta ikerketa kualitatiborako joera duen zientzialari sozial batenak eta saiakera-egile batenak konbinatzen dituzte”. Bere ustez, ikuspegi hori funtsezkoa da zaintza-kapitalismoa eta horren ondorioak aztertu eta ulertzeko, kapitalismoak gure bizitzak barru-barrutik inbaditzen baititu.

Liburu konplexua da, azterlanaren emaitza; baina baita kasu praktikoak ikertzen eta aztertzen emandako urteen emaitza ere. Erreferentzia teoriko, historiko eta filosofikoak ugariak dira (Durkheim, Marx, Weber, Hannah Arendt, Adorno, Polanyi eta Sartre, besteak beste), baita zientifikoak ere. Ondorioz, baliteke aukerekin eta jarrerekin ados ez egotea. Hala ere, nire ustez, horixe da, hain zuzen ere, liburuak estimulu eta gogoeta- elementu ugari izatea eragiten duena; eta horiek, egileak berak espero duen legez, ahalegin kolektiboa egiteko bidea erraztu beharko lukete.

Amaitzeko, esan behar dut Zuboffek ahalegina egin duela gure bizitzak barru-barruan ukitzen dituzten erraldoi digitalen ibilbideen alderdiak (gehienak ezkutuak eta ilunak) biltzeko eta aztertzeko, eta hori kontzeptualizatzeko. Ahalegin horren ondorioz, berak espero duen bezala, “nola ez dugun bizi nahi” hausnartu beharko genuke, gure lorpen moral eta politiko nagusien balioa suntsitu egingo den benetako mehatxuaz kezkatu beharko gintuzke, gogoan izan beharko genuke “konfiantza partekatua dela ziurgabetasunaren aurkako benetako babes bakarra”, eta demokraziaren oinarriak defendatu beharko genituzke. Planteatzen dituen erronkek aski izan beharko lukete bere lana arreta handiz irakurri eta aztertzeko ahalegina egiteko; eta fenomeno horren bilakaera zaintzen eta aztertzen jarraitzeko, bere helburuak lor ez ditzan.

MARIA ALEJANDRA GUGLIELMETTI ALVAREZ – ECONOMISTAS SIN FRONTERAS