Mujeres que replantean la economía
Ekonomia birplanteatzen duten emakumeak

es

MIREN ETXEZARRETA

Miren Etxezarreta Zubizarreta Ordizian jaio zen 1936an, eta gaur egun Bartzelonan bizi da. Ekonomia ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, master bat egin zuen London School of Economics-en, eta unibertsitate horretan bertan eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan doktoratu zen. Azken horretan katedradun izan zen 2006. urtera arte.

Irakasle gisa zituen oporrak atzerriko unibertsitateetan egoitzaldiak egiteko aprobetxatzen zituen: AEBn, Kanadan, Mexikon, Frantzian, Txilen, Argentinan, Nikaraguan, Burkina Fasson…

Nekazaritza ekonomikoari, politika ekonomikoari eta garapen ekonomikoari buruzko gaiak lantzeagatik nabarmentzen da. Globalizazioaren aurkako aitzindaria, aktibista antikapitalista, Taifa ekonomia kritikoaren mintegiaren sortzailea ere bada Etxezarreta. Mintegi horretan egungo gai ekonomikoen azterketa eta dibulgazio kritikoa sustatzen da.

  • 2007 Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Ekonomia Aplikatuko katedradun emeritua.

EL CUENTO DE LAS PENSIONES. ÉRASE UNA VEZ…

Etxezarretak defendatzen du “ekonomia konbentzionalak «frogatu» nahi duela interes ekonomiko nagusietarako komenigarria dena gizartearen interes orokorren aldekoa ere badela” (Zertarako balio du, benetan, ekonomiak?). Pentsio publikoen kasua baieztapen horren adibide garbia da. “El cuento de las pensiones. Érase una vez…” izeneko bere liburuan, José Iglesiasekin batera idatzitakoan, Miren Etxezarretak modu dibulgatiboan azaltzen eta eraisten ditu pentsioen krisiaren (oker deiturikoa) oinarrian dauden mitoak. 80ko hamarkadan, nazioarteko finantza-erakundeak pentsioen iraunkortasun ezaz hitz egiten hasi ziren. Ordutik, iritzi publikoa manipulatzea helburu duen kanpaina bat dago; estatuek, elite ekonomikoek eta horiek erabiltzen dituzten komunikabideek lagunduta.

Etxezarretak lan-merkatuaren esparruan kokatzen du pentsioen arazoa. Enplegu gutxiago egoteak, soldatak txikiagoak izateak, behin-behinekotasunak eta lan baldintzen prekarizazioak eta abarrek ekarpen txikiagoak dakartzate etorkizuneko pentsioetarako. Hala ere, langile kopurua/pentsiodun kopurua zuzenean erlazionatzen duen argudioa erraz desmunta daiteke: gaur egun, teknologiari esker, gehiago ekoizten da eskulan gutxiagorekin; beraz, lortutako aberastasuna modu bidezkoan banatuko balitz, pentsio publikoen finantzaketa ez litzateke zalantzan egongo. Hala ere, gaur egungo zerga-sistema oso bidegabea da: ekoitzitako aberastasunaren erdia baino zertxobait gutxiago lan-errentetara itzultzen da, eta gainerakoa kapitalera joaten da. Langileen eta kapitalisten arteko aldea kontuan hartuta, banaketa modu iraingarrian bidegabea da. Gainera, langabezia-tasa altua duen gurea bezalako herrialde batean, finantzaketa-arazoa konpontzeko neurri gisa erretiro- adina handitzea paradoxikoa da. Ekonomialariak zalantzan jartzen du, halaber, pentsio-sistema gizarte-kotizazioen bidez soilik finantzatu behar ote den. Horrela, gizartean gertatzen diren gainerako gastu kolektiboak (hezkuntza, osasuna, defentsa, sistema judiziala, azpiegitura, garraioa…) zerga guztien kontura finantzatzen diren bitartean, pentsioek ez dute zerga-sistema osoaren onurarik jasotzen horiek finantzatzeko. Herrialde osoko aberastasunak ordaindu behar ditu pentsioak, eta hori ez dago lanaren mende soilik.

Etxezarretak dio pentsioen arazoa ez dela finantziazio-arazoa, iritzi publikoari sinestarazi nahi zaion bezala; banaketa-arazoa baizik. Dioenez, pentsio publikoak pixkanaka desegitearen aldeko propaganda horren atzean dagoen arrazoia kapital pribatuak pentsio publikoen diruarekiko duen interesa da: kopuru hori funtsezkoa da, diru likidoan eta epe luzera. Eta horrela ez balitz, pentsioen iraunkortasunerako proposamenak zergatik behar du pentsioen kudeaketa pribatua? Diruaren kudeaketa publikoak eraginkortasun txikiagoa al du? Berme gutxiago eskaintzen ditu? Esaten den bezala, dirurik ez badago, zergatik konponduko luke arazo hori kudeaketa pribatu batek? Horiek dira Etxezarretak egiten dizkigun galderetako batzuk, sinetsarazi nahi diguten “ipuin” horren aurrean begiak irekitzeko. Azkenik, adierazten du pentsioak pixkanaka lan-merkatutik aldendu eta pentsio publiko unibertsalak bermatuko dituen herritartasun-eskubide gisa eskatu behar direla.

Pentsioen «krisia» nahita egindako eraikuntza soziala da, beste edozein ipuin baino gehiago

MIREN ETXEZARRETA
MIREN ETXEZARRETA
  • 2021. La mochila austriaca. Qué supone el modelo de pensiones e indemnizaciones de la derecha europea.
  • 2019. El cuento de las pensiones. Érase una vez…
  • 2016. ¿Para qué sirve realmente la economía?
  • 2010. Sin pensiones públicas, ¿qué futuro?
  • 2006. La agricultura española en la era de la globalización
  • 2004. Crítica a la economía ortodoxa

Etxezarretak bere azken argitalpenetan eta errebindikazio-lanean aipatzen duen pentsioen gaia ekonomialariak gaur egungo Estatuaren funtzio bikoitz gisa deskribatu duenaren beste adibide bat da: “batetik, klase dominatzaileei babesa ematen die, onurak eta kapitalen metaketa erraztuz; bestetik, dagoen sistema legitimatzen saiatzen da, biztanleriak arazorik gabe onar dezan statu quo delakoa, hau da, sistema kapitalista”.

Liburua irakurri ondoren, eta haren hainbat ponentzia entzunda, honako ideia hau ekarri nahi dut hona: gizarte- oinarrietatik soilik lortu dira eta lortuko dira (eta, are gehiago, mantendu egingo dira) gizarte-eskubideetan izandako hobekuntzak. Mezu hori funtsezkoa da eta guztioi dei egiten digu. Horretarako, lankidetza eta elkartasuna defendatzen ditu; izan ere, “autonomia-talde” (berak hala deitzen die) txiki horietatik soilik lortu ahal izango da gizarte-ongizatea (egungo sistemaren motorra den onura pribatuaren ordez) bilatzen duen sistema ekonomiko baterantz eraldatzea.

Pentsioak herritartasun-eskubide unibertsal eta lan-merkatutik bereizitzat aldarrikatzea funtsezkoa iruditzen zait emakumeek etxeko eremuan egiten duten lan ordaindu gabea aitortzeko; bai eta lan-merkatuaren pixkanakako prekarizazioaren ondorioz eta lan-merkatu formalean sartzea zailtzen (eragozten ez dutenean) duten gizarte-desberdintasunen ondorioz egoera ahulean dauden pertsona eta kolektibo askoren ongizatea bermatzeko ere.

PATRICIA SOLAUN GONZÁLEZ – ECONOMISTAS SIN FRONTERAS